Skip to main content

Ondarroako Udalak ekoiztutako eta Jon Maia Soriak zuzendutako Berriz etorriko zera dokumentalaren estreinaldia maiatzaren 9an izango da, zapatua, 20:00etan herriko frontoian. Dokumental honek Frankismoan Ondarroara etorri zirenei egiten die aitortza, herriaren memoria kolektiboan lekua eginez eta beraien aitortzak jasota lagaz betirako. Espainiako herri desberdinetatik etorri ziren gure herrira, etorkizun hobe eta oparoago baten bila, miseriatik ihesi, eta horiek pantaila handira eraman ditu Udalak. Estreinaldia ekitaldi hunkigarri baten baitan kokatuko da.

Dokumentalaren estreinaldirako sarrerak (dohain) Turismo Bulegoan jaso behar dira, martitzenetik barikura (10:00-13:00 eta 15:00-17:00) eta asteburuetan (11:00-14:00 eta 16:00-18:00). Frontoirako sarrera bakarra Musika Plazatik izango da; Kantoipetik (igogailutik) mugikortasun murriztua daukatenak sartu ahal izango dira bakarrik. Eskailerak itxita egongo dira.

Ondarroako Udala: “Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz anitza da Ondarroa, eta duela urte askotatik gainera”.

“Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”. Etorkin gehienak Galiziatik etorri ziren, baina baita espainiar estatuko lurraldeetatik ere: Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leon. “Dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”.

“Jon Maiari eskatu genion memoria historikoaren lan hau egitea. Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, aipatu du Irina Alkorta Bedialauneta alkateorde eta aniztasun batzordeburuak. 1936ko gerra amaitu zenean, “krisia” eta “miseria” ziren nagusi Espainian. Ondorioz, euren etxea utzi behar izan zuten askok. “Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserba industria, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila”.

Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak  lagunduta gauzatu da proiektu hau.

Dokumental hau barnebiltzen duen Kulturaniztasunaren Asteko egitaraua ere datozen egunetan aurkeztuko du Udalak; “herriko ikastetxeak eta jatorri desberdinetako hainbat herritar izan ditugu bidelagun egitarau hau osatzerakoan. Aste oso borobila izango da”, gehitu du Irina Alkorta batzordeburuak.

Dokumentala herriko frontoian eskainiko da. Ikusi ahal izateko doako sarrerak jaso behar dira Turismo Bulegoan; dagoeneko bertan daude eskuragarri.

Irina Alkorta Bedialauneta alkateorde eta aniztasun batzordeburua eta Jon Maia Soria dokumentalaren zuzendaria, aurkezpenean.

 

Jon Maia Soria, Ondarroan.