Skip to main content

Mugikortasuna funtsezkoa da adinekoen zahartzea aktiboa eta osasungarria izan dadin, adinekoen bizi-kalitatea eta ongizate fisikoa zein psikosoziala hobetzen dituelako. Baina, aldi berean, mugikortasunak adinekoek arrisku gehiago izatea ere ekartzen du. Arrisku hauek saihesteko 1000 aldiz begiratu kanpaina Ondarroara iritsiko da irailaren 24an (eguaztena).

Kaleko jarduerak Alamedan egingo dira, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Saio partehartzailea, Antiguako Ama elkartean, 17:30etik 19:00etara. Izen ematea Turismo Bulegoan egin behar da.

Kanpaina honek herriko nagusiek bidean dauzkaten arriskuak saihestea edo arrisku hauek murrizten laguntzea du helburu.

Parte hartze saioa hiru dinamikak osatuko dute eta amaiera emateko dekalogo bat osatuko da, gero herritar guztiek ikus dezaten argitaratuko dena.

“Saio honetan ekintzara goaz, erabakiak hartzera eta gure ekintzen eta joan-etorriak egiten ditugunean izaten ditugun jarreren erantzule egitera, bai oinezkoak garenean eta garraio publikoa erabiltzen dugunean, bai ibilgailu baten aginduetara jartzen garenean, motorduna izan ala ez. Hiru dinamika parte-hartzaileren bidez, eta adinekoen egunerokotasun egoeretatik abiatuta, bide-segurtasunaren alde egin dezakeguna ikusiko dugu, banaka zein taldean”, adierazi dute antolatzaileek.

Ekimen hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 22 herritan egiten ari dira eta Ondarroa da horietako bat.