Skip to main content

Kantauri itsasoko erreginaren jaia maiatzaren 17an egingo da aurten, zapatuz, Alde Zaharrean. Ondarroako Udalak eta herriko taldeek egitarau zabala antolatu dute egun horretarako. Guztira herriko 14 taldek parte hartuko dute eguerdirarte pintxoak saltzen, moilan: Artibai Judo Taldea, Aurrera Txirrindu Kluba, Danak Etxea, Kantaize, Tupay Peruko Elkartea, Txirrimorraski, Karenka, Yaalah, Arnasa, Hondar Ahua eta Casa de Galicia. Arraun Elkarteak kontserbak salduko ditu leku berean. Baina pintxo horiek egiteko ezinbestekoa da beste urte batez herriko elkarte gastronomikoen laguntza: Casa de Galicia, Gau Hontza, Pixape, Tupay eta Txitxipotxin. Arranondok, urtero bezala, Kofradia Zaharraren aurrean egingo ditu pintxoak, bertatik bertara eta Tupay elkarteak ere antxoa pintxo berezi bat prestatuko du, jatorri peruarreko produktuekin.

Azken urteetan modura, Antxoa Eguneko kartela herriko emakume artista batek egin du. oraingoan, Aitziber Bengoetxea Lete arduratu da diseinuaz.

11:3oean hasiko da festa, herrian ohitura den modua, hiru turrun jota. Hortik aurrera euro bakarraren truke antxoa pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Giroa alaitzen Unanue Udal Musika Eskolako kideak ibiliko dira.

Gamarra Ostalaritza Eskolak antxoak ozpinetan egiteko umeentzako tailerra egingo du, moila eta Kantoipe artean. Zaporeak elkartea ere etorriko da Antxoa Egunera. Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. “Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dugu harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin”.

Egunari amaiera emateko Oinutsik taldeak erromeria eskainiko du Itsasaurren.

Guztira ia 400 kilo antxoa erabiliko dira banatuko diren milaka antxoa pintxoak egiteko.

Aurtengo berritasunen artean oholtzarik ez ipintzea dago. “Antxoa Eguna antolatzeko Udalak eta herriko taldeek egindako bileran erabaki genuen horrela egitea. Oholtzak asko estutzen du ingurua eta horrek jende pilaketa handiak sortzen ditu”, adierazi dute kultura sailetik. Horren ordez, Kofradia Zaharreko balkoia erabiliko da omenduari aitortza egiteko eta Kalekutzeko eskailerak emanaldietarako. Musika Eskolak, esaterako, Zubi Barrian egingo ditu emanaldi estatikoak, jende pilaketak saihesteko, eta moilan barrena egin beharrekoak, aldiz, ibiltariak izango dira.

Tabernek ere parte hartuko dute antxoa pintxoen salmentan: Alai, Anaitasuna, Andik Ona, Antiguako Ama, Apallu, Arrantzale, Badis, Batzokia, Boga-Boga, Cantabrico, Dzanga, Gau Argi, Gaztedi, Gelasio, Kabia, Kirrixki, Kulixka, KuKua, Maddi, Sirimiri, Sutargi, Txanpa, Xirula eta Zamora.

 

Zilarrezkoa Antxoa, Arantza Burgoarentzat

Antxoa Egunean herriaren izena edo balioak zabaldu dituen pertsona edo elkarte bati egiten zaio aitortza. Aurtengo omendua Arantza Burgoa Agirregomezkorta kirolaria izango da. Arantzak, kirolean hainbat sari lortzeaz gain, herriko emakumeek espazio publikoa eta kaleak hartu eta kirola askatasunez egiteko lan ikaragarria egin du. horren adibidea da Aringaingan taldearen arduradun modura egiten duen lana. Edo hortik abiatuta Lilatoia bezalako lasterketetara Ondarroatik joaten diren emakume kopuru handia.

Isilpeko lana da askotan. Triatloian esaterako hamarnaka sari irabazi ditu, baita korrika lasterketetan ere, baina saririk handiena berak eman dio herriko kirolari. Aipatutakoa moduko ekarpenak ez direlako dominekin edo garaikurrekin neurtzen, herriaren garapenarekin baino.

Eskerrik asko, Arantza!