Skip to main content

Pasa den barikuan (ekainak 26, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna) estatuaren biktima izaera aitortu zioten Gaurdia Zibilaren torturen ondorioz hil zuten Esteban Muruetagoiena Scola mediku ondarrutarrari. Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatuta zeukala 10 egunez torturatu zuten Muruetagoiena 1982ko martxoan; hilabete horretako 29an hil zen, jasandako tortura basatien ondorioz. Estatuaren biktima izaera Eusko Jaurlaritzak aitortu dio.

Egiari Zor Fundazioak ezagutarazi duen aitortza ofizial hau haren heriotzatik 44 urtera iritsi da, eta, erakundearen arabera, «neurri batean haren oroimenari eta familiari eragindako kaltea konpontzera dator», eta «ezinbesteko urratsa da parametro demokratikoetan oinarritutako bizikidetza-esparru bat lortzeko egin beharreko bidean; izan ere, gertatutako guztiaren memoria osoa bermatzeaz gain, horrelako gertakariak berriro ez gertatzeko bermea ere eman behar du, eta Justiziarako eskubidea ere desblokeatu».

Ondarrutarra zen izaten Muruetagoiena, eta Oiartzungo osasun-zentroko medikua zen. 1982ko martxoaren 15ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta hamar egunez inkomunikatuta egon zen Terrorismoaren Aurkako Legea aplikatuta. Martxoaren 25ean aske utzi zuten, kargurik gabe, eta hilaren 29ko goizean bere etxean hilik aurkitu zuten, 38 urte zituela. Iturri ofizialek haren heriotza miokardioko infartu bati egotzi bazieten ere, autopsiaren txostenak torturaren zantzu argiak agerian utzi zituen. Egiari Zorrentzat, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean bertan biktima gisa aitortua izateak «garrantzi berezia» dauka; izan ere, Muruetagoienaren kasua «zigorgabetasunaren aurkako borrokaren eta estatu-indarkeria pairatu zutenen sufrimendua gizarteak aitortzeko beharraren sinbolo» dela azpimarratu du.

2024ko urrian aukera egon zen herrian Estebanen alaba Tamara Muruetagoiena Hormazaren ahotik aitak jasandakoa entzuteko eta gogoratzeko, Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentalean.

Urtza Alkorta Arrizabalaga alkatea eta Tamara Muruetagoiena Hormaza, Estebanen alaba, 2024ko urrian.