Jakina denez, hondakinen kudeaketa lege-multzo batek arautzen du. Europan eta estatu mailan legediak zorroztu egin dira hondakinen murrizketa, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta hondakinen balorizazioan aurrera egiteko. Alde batetik, Europako legediak %65ean ezarri du birziklatze-tasen helburua 2025erako. 2030ean, aldiz, helburu hori betetzea ezinbestekoa izango da eta, hori horrela, eskualdea data horretarako prest izateko pausoak emango dira. Horrez gain, aurrerantzean, birziklatze-gastuaren osotasuna herritarrei kobratu behar zaie tasen bidez. Legedia horiek eragina izango dute Lea-Artibai Mankomunitateko udalerrietan.
Mankomunitateko ordezkariek azaldu dutenez, “azken hilabeteetan Mankomunitatea osatzen dugun herri guztiok, elkarlanean, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu lege-multzo berrietara eskualdea egokitzeko eta ezarritako helburuak betetzeko. Eskualdeko herritarrengan ahalik eta eragin txikiena duten irtenbideen bila aritu gara”.
Eskualdea, Europatik ezarritako helburuetatik urrun. Une honetan, 2024ko datuen arabera, %43ko birziklatze-tasa du eskualdeak. Hau da, eskualdean sortutako hondakinen %57 errefusara botatzen da, nahiz eta ondo birziklatuz gero balio horrek %15ean kokatu beharko lukeen.
“Errefusara botazen ditugun hondakinen %78a ez da behar bezala sailkatzen. Errefusara botatzen dugun poltsan topatzen dira: ehunak eta oihalak, papera, organikoa, beira, ontzi arinak, garbigunerako hondakinak. Birziklatu beharreko 4.300 tona lehengai erretzen ari gara. 426 kamioik garraiatzen dituzte gaizki sailkatutako hondakinak urtean. Hondakinen kostu totala 1.500.000 eurokoa da. Horietatik, 962.000 euro errefusa biltzeko eta tratatzeko dira eta gainontzeko 538.000 euro beste hondakinen kudeaketarako”, zehaztu dute Mankomunitateko ordezkariek.
Europatik ezarritako helburuetatik urrun dago eskualdea eta, ondorioz, helburuak betetzen ez badira kostuak handiagoak izango dira eskualdean datozen urteetan herritarrentzat. Izan ere, birziklatze-gastuaren osotasuna herritarrei kobratu behar zaie tasen bitartez eta, aurreikuspenen arabera, errefusaren tratamenduaren kostuak handitzen jarraituko du. Egoera hori irauli nahian eta egungo zein etorkizuneko belaunaldientzat bizi kalitate hobea bermatzeko Lea-Artibai Mankomunitateak aurrerapausoak eman ditu hondakinen kudeaketan.
Hondakinak biltzeko eta garraiatzeko sistema berria. Eskualdearen errealitate horretatik abiatuta, Lea-Artibai Mankomunitateak azken hilabeteetan aurrerapauso desberdinak ematen aritu da, eskualdeak norabide berean eta elkarrekin aurrera egin dezan. “Diagnostiko orokorrak egin dira adituen eta entitate espezializatuen laguntzarekin, datu kuantitatibo zein kualitatibo eguneratuak eskuratzeko. Lea-Artibai Mankomunitateko udalerrietan eta ikastetxeetan hondakinen sailkapenaren garrantziaz jabetzeko ekintzak egin dira: jarduera ludikoak eta didaktikoak. Horrez gain, udalerrietako negozio guztiak banan-banan bisitatzen ari dira. Are gehiago, informazio-kanpainak abian dira: etxez etxeko bisitak, batzar irekiak, kaleko postuak, informazio telefonoa… Hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuaren oinarri teknikoak eta administratiboak ere onartu dira”, argitu dute.
Horrela, pausoz pauso egin du bidean aurrera Lea-Artibai Mankomunitateak eta hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuan egokitzapenak egingo ditu. Zerbitzu berriak errefusa murriztea eta birziklatze-tasa handitzea izango ditu helburu nagusi. Neurriok funtsezkoak izango dira hondakinen araudi berrietara eskualdea egokitzeko eta eskualdea jasangarriago bihurtzeko. Horrek, gainera, herritarrei ezarri beharreko tasak ahalik eta txikienak izatea ahalbidetuko du.
Lea-Artibai Mankomunitatea osatzen duten udalerrien hondakinak biltzeko eta garraiatzeko sisteman egingo diren egokitzapenen artean ondorengo hauek dira nabarmenenak:
- Hondakin guztiak sailkatu beharko dira: organikoa, papera/kartoia, ontziak, beira eta errefusa.
- Hondakin organikoa etxeko edo auzoko konpostajearen bidez eta bosgarren edukiontziaren bidez bilduko da. Herriz herri kanpaina desberdina izango da, herri bakoitzaren ezaugarrien araberakoa:
- a) Eskualdeko herri txikietan eta auzo guneetan, esaterako, jada hasi dira hondakin organikoa etxeko edo auzoko konpostajearen bidez biltzen.
- b) Herri guneetan, aldiz, bosgarren edukiontziaren bidez biltzen hasiak dira.
3. Organikoaren eta errefusaren edukiontziak, biak, itxita egongo dira
- a) Hondakinak norbere auzoko edukiontzietan sailkatuko dira
- b) Etxebizitza bakoitzak txartel bat izango du eta haren bidez irekiko dira edukiontziak.
- c) Errefusaren edukiontzia astean bitan ireki ahal izango da. Haurrak eta helduak dituzten familiek errefusaren edukiontzia behar dutenean zabaltzeko aukera izango dute
- d) Organikoaren edukiontzia egunero zabaldu daiteke
4. Sortzaile handiei eta industriari hondakinak gaika atez ate bilduko dira
Arreta zerbitzuak eta epeak. Datozen hilabeteetan sistema abian ipintzeko beharrezkoak diren egokitzapen guztiak gauzatuko dira eskualdeko herrietan. Aldi berean, informazio kanpaina ezberdinak burutuko dira. Hori horrela, hondakinak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzua urte berriarekin batera abian izatea da aurreikuspena. Herritarrei uneoro eskainiko zaie Mankomunitatetik eta Udaletatik laguntza eta jarraipena. Datorren astetik aurrera eskualdeko herri guztietan – Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar – kaleko informazio puntuak egongo dira. Mankomunitateko kanaletan kontsultatu daitezke informazio puntuak kokatuko diren leku zehatzak eta ordutegiak.
Aldaketa hauek pixkana gauzatuko dira eskualdeko udalerrietan eta, uneoro, herritarrak informatuta izango dira Udaletatik zein Mankomunitatetik. Bide beretik, Udaletara edota Mankomunitatera gerturatu daitezke herritarrak eta, bertan, informazioa eskatu zein zalantzak argitu. Bide horretatik, zalantzak argitzeko, Mankomunitatetik doako telefonoa (900 104 878) eta helbide elektronikoa (lurralde@lea-artibai.org) ere jarri dira martxan.
Helburua argia da, “guztion artean hondakinak ondo sailkatzen baditugu, birziklatze-tasa igo eta ingurumen-kalteak murriztuko ditugu, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat bizi kalitate hobea bermatzeko eta herritarrei ezarri beharreko tasak ahalik eta txikienak izateko. Hondakinen kudeaketan aurrerapausoak eman eta herritarren onurarako lanean jarraitzeko konpromisoa erabatekoa da Mankomunitatea osatzen dugun ordezkari guztien artean”, azpimarratu dute Mankomunitateko ordezkariek.




