Skip to main content

Ondarroako Udala frankismoan herrira etorri zirenei buruzko dokumentala ekoizten ari da, Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak  lagunduta. Agintaldi hasieran ekin zitzaion dokumentalaren lanketa prozesuari eta bide luzea egin ondoren, grabazio lanak amaitzen ari dira orain. Jon Maia Soria ari da dokumentala gidatzen. Frankismoan Ondarroara etorri zirenen zerrenda landu zen lehenengo Udaletik, eta gero, hainbat elkarrizketa egin zituen Maiak, testuingurua kokatu eta bizipenak jasotzeko. Horietatik abiatuta aukeratu zituen dokumentalean agertuko diren herritarren bizipenak, bai etorri zirenenak eta baita haien oinardekoenak ere.

“Jon Maiari eskatu genion memoria historikoaren lan hau egitea. Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako, eta bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil oso egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, aipatu du Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak. 1936ko gerra amaitu zenean, “krisia” eta “miseria” ziren nagusi Espainian. Ondorioz, euren etxea utzi behar izan zuten askok. “Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsua izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserba industria, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila”.

Ondarroako Udala: “Euskal Herria beti izan da harrera herria. Eta euskaldunok herri etorkina izan garen moduan, gurean ere beti hartu izan ditugu beste herri batzuetatik etorritakoak. Jatorriz anitza da Ondarroa, eta duea urte askotatik gainera”

“Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra”. Etorkin gehienak Galiziatik etorri ziren, baina baita espainiar estatuko lurraldeetatik ere: Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leon. “Dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”.

 

Proiektu hau diruz lagundu du Eusko Jaurlaritzak: