Gabonetako egitarau zabala antolatu dute herriko taldeek eta Ondarroako Udalak
Hilabete eskaseko tartean ospatuko diren 34 ekintzaz osatutako egitarau askotarikoa antolatu dute herriko hainbat taldek eta Ondarroako Udalak. Adin guztietako herritarrentzako eskaintza egongo da abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra bitarte: azoka, erakusketak, musika, kirola, ikuskizunak, hitzaldiak, bertsoak, kalejirak, umeentzako ekintzak…
Herriko sortzaile, artista eta taldeek ere garrantzia berezia izango dute egitarau honetan: Yaalah, Atletismo Taldea, Casa de Galicia, Zientziaren Giltzak, Unanue Udal Musika Eskola, Jazz-Dantza, Dantzarte, Kantaize, Egunsentia koop., Unanue KK, Txirrimorraski, Alain Lersundi, Kresala KE, Kontinental Mahaijokoen Taldea, Aurrera MT, Aurrera KE, Artaka, Bertsutan eta Andra Mari parrokia.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko! (Leire Bilbao idazle ondarrutarraren lana) ikuskizunerako sarreri buruzko informazioa abenduaren 19tik aurrera zabalduko da.
Urtza Alkorta alkatea eta Ion Iñaki Artetxe kultura zinegotzia, egitarauarekin.
Abenduaren 9an emango zaio hasiera Gabonetako egitarauari, herriko sortzaileek Kofradia Zaharrean egingo duten Tripi-Trapu azokarekin. 10:30etik 15:30era egingo dira 1.solairuan. Hurrengo astean, Ondarroa Arraun Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko sortutako Arraun Ondarru ekimenak ekoitzitako dokumentalaren estreinaldia egingo da; Asier Rivera eta Jon Iriondo ondarrutarrak dira egileak. Estreinaldia abenduaren 12an izango da, martitzena, eta soilik gonbidapen bidez sartu ahal izango da. Biharamunekoa, ostera, herritar ororentzat zabalik egongo da. Sarrerak, doakoak izango direnak, Turismo Bulegoan daude eskuragarri. Abendu osoan, udal erakusketa aretoan, Bide Onera zinemako sarreran eta Artabide 21ean (lehengo Mapfreko lokalean) Ogibidetik kirolera, arrauna Ondarroan erakusketa egongo da ikusgai, Arraun Ondarruren eskutik.
Urtarrilaren 13tik aurrera, Basques in Australia erakusketa egongo da ikusgai udal erakusketa aretoan. Erakusketa honetan Australiara joan ziren euskaldunen gorabeherak erakutsiko dira: zergatiak, migrazioa, lana, bizitza…
Ondarrutar Naturala, lehiaketa. Urtarrilak 3, eguaztena 18:30ean, Beikozinin. Sarrerarik ez. Aforoa bete arte.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Urtarrilak 4, eguena, 18:00etan kiroldegian. Sarrerei buruzko informazioa, abenduaren 19tik aurrera.
Bertso saioa. Urtarrilak 6, zapatua, 12:00etan Beikozinin. Sarrerarik ez. Aforoa bete arte.
Ondarroako Udalaren kultura sailetik eskerrak eman nahi dizkizuegu Gabonetako egitarau hau osatzen lagundu diguzuen herriko talde, elkarte eta norbanako guztioi. “Beste behin ere Ondarru bixi-bixi dagoela erakutsi dugu elkarlaneko egitarau honekin. 34 ekintza hilabate eskasean. Eskerrik asko!”.