Udalak hainbat neurri hartu ditu hauei aurre egiteko eta datorren urtera begira neurriak gogortuko dituela jakinarazi du. Herritar askok egunak daramatzate udalarekin harremanetan Gabonetan eztanda egin duten gailu piroteknikoak sortu dituzten kalteak direla eta. Gabon inguruan urtero handitu ohi da halakoen erabilera, baina ez soilik baimendutako gailuena, baita baimendu gabeko material piroteknikoena ere. Udaltzainek gai honen inguruan jasotako deiak asko hazi dira aurten.
Kezka handienetakoa sortu duena, Gabon Zahar gauerdiko su-artifizialak izan dira. Udalak ez du baimendu halakorik botatzea eta herritar batek baino gehiagok bota ditu, horrek dakartzan kalte posibleak kontuan hartu gabe. Adibide bat emateagatik, Zubi Barritik bota ziren su-artifizialek gorabeherak sortu zituzten Artibai egoitzako egoiliarrengan, beraiengandik oso metro gutxira bota baitziren. Kontuan hartzekoa da baita ere, su-artifizial hauetakoren bat Alde Zaharraren goiko aldeko etxeren baten gainean eroriko balitz, zer nolako kaltea eragingo lukeen, inguru horretako etxe gehienak egurrezko egituradunak direlako eta elkarren ondo-ondoan daudelako. Hondartzatik ere bota ziren su-artifizialak iluntzean, eta udaltzainek identifikatu egin zituzten hauek botatzen ari zirenak. Urtarrilaren 3an, Plazagainetik botatako petardo baten ondorioz suak hartu zuen Erribera kaleko eraikin bat (Musika Eskolaren albokoa) eta larrialdi zerbitzuen zein bertan zeuden herritarren erreakzioak ondorio larriagoak egotea saihestu zuten; eraikin horrek osorik su hartu izan balu kalteak ikaragarriak izango ziren Alde Zaharrean. Gogoratu 2013an Bermeoko alde zaharreko sutearekin gertatutakoa. Edo duela bi hilabete eskas suhiltzaileek Ondarroako alde zaharreko goiko kaleetan egindako simulakroa, inguru arriskutsua den seinale. Duela bi urte Zaldubideko mendi magalak ere su hartu zuen eta suhiltzaileen eskuhartzearekin hasi zen urtea. Oreretan ere etxe bat erre zen suziri baten eztandaren ondorioz.
Petardo, suziri eta antzekoekin kalteak daude zakarrontzietan, Berdura Plazan, lorontzietan, Gabonetako apaingarrietan…
Hauetaz gain, udaltzainek, arrisku handiko hainbat material pirotekniko atzeman dizkiete zenbait adingaberi, bai beraientzako eta baita ingururentzako ere arriskutsuak zirenak. “Beti da berdina. Ezer gertatzen ez den bitartean nahikoa, baina gero zerbait gertatzen bada eskuak burura eramatea berandu da”. Herriko denda batzuetan ere ibili dira udaltzainak, materiala non, nola eta zeini saltzen dioten ikertzeko.
Esan beharrik ez dago suziri eta antzekoak erabiltzeak zelako kalteak eragiten dizkien haur oso txikiei, adinekoei edota hotsekiko sentsibilitate handia duten pertsonei, hala nola espektro autistaren nahasmendua dutenei. Eta baita animaliei ere.
Guzti honi aurre egiteko eta batez ere kontzientzia sortzeko, urte guztiko lanketa egitea beharrezkoa da. Horretarako, udala, ikastetxeak, gurasoak, umeak, helduak, saltzaileak… kontuan hartu eta hurrengo Gabonetan egoera hauek ez errepikatzeko bitartekoak ipiniko dira.

Gabonetan Ondarroan adingabeei atzemandako zenbait material.