Skip to main content

Azken aste eta hilabeteetan, Ondarroako Udalak kezka handiz ikusi du herriko hainbat gunetan gero eta maizago agertzen den zikinkeria, bereziki asteburuetan eta jende gehien biltzen den uneetan. Iragan berri den asteburua da horren erakusle garbiena: Kamiñazpi margoketaz beteta, Alde Zaharra, Alameda eta Itsasaurren hainbat hondakin zoruan, igarotako ekitaldien kartelak eta pankartak oraindik jarrita, La Caixa banketxearen erakusleihoa eta Gure Eskuren lokalaren buelta gozoki eta fruitu lehorren azalez beteta, hondakinak Artabideko eskaileretan, margoketak igogailu publikoetan… eta seguruenik hainbeste herritarrek dakizkizuen beste hainbat txoko edo leku.

Kamiñazpin, gainera, hainbat margoketa egin dituzte asteburuan, auzoko jaiak izan direla baliatuta. Margoketa horiek, jaietako elementuetan (karpan) eta jabetza pribatuko eremuetan (etxeetako hormetan, etxe bateko pertsianan, lokal eta denden ateetan) egin dituzte, horrek dakarren kalte ekonomikoarekin.

Ondarroa guztion etxea da. Herri bizia, dinamikoa eta erakargarria izatea pozgarria da, baina horrek denon konpromisoa ere eskatzen du. Kaleak, plazak, parkeak eta gainerako espazio publikoak erabiltzeko eskubidea dugun bezala, horiek zaintzeko erantzukizuna ere badugu. “Tabernen kasuan, esaterako, gogorarazi nahi dugu, Udal ordenantzak dioen modura, terraza ipintzeko eskubidearekin batera doala taberna horrek bere zerbitzua eskaintzen duen eremua garbi uztearen derrigortasuna; hau da, eremu hori garbi tabernariak berak utzi behar du zerbitzua amaitzerakoan, eta ez dira kale-garbitzaileak etorri behar tabernako hondakinak batzera (zapiak, platerak, edalontziak, paperak, zigarrokinak…)”. Ekitaldiei dagozkien kartel eta pankartak ipintzen dituzten talde edo elkarteen ardura da baita ere behin ekintza amaitutakoan elementu horiek kentzea.

Zaindu herria! Zaindu Ondarroa!

Udal brigadak egunero egiten du ahalegina herria garbi eta txukun mantentzeko, baina lan hori ez da nahikoa izango herritar guztion laguntzarik gabe. Zaborrak paperontzietan uztea, hondakinak behar bezala bereiztea, maskoten gorotzak jasotzea edo erabilitako espazioak aurkitu ditugun bezala uztea keinu txikiak dira, baina eragin handia dute herriaren itxuran eta bizi-kalitatean.

Horregatik, Udalak herritar guztiei dei egin nahi die espazio publikoen zaintzan inplikatzen jarrai dezaten. Ez da inor seinalatzeko edo errudunak bilatzeko mezua; aitzitik, guztiongan jarri nahi du arreta, denok baikara Ondarroaren eguneroko irudiaren parte eta denok baitugu zerbait egiteko aukera.

Herria garbi eta atsegina mantentzea ez da udal zerbitzuen ardura bakarrik: herri osoarena da. Ondarroaren irudia, ongizatea eta etorkizuna zaintzeko, denon ekarpena beharrezkoa da.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie egunero herria errespetuz erabiltzen duten herritar guztiei, eta herri garbiago, zainduago eta atseginago baten alde lanean jarraitzeko gonbita luzatzen die guztiei.