Skip to main content

Ondarroak senidetze gutuna sinatuko du Mansilla de la Sierra (Errioxa, Espainia) herriarekin bihar (abuztuak 30). Mansilla de la Sierran egingo da ekitaldi instituzionala eta bi herriek horrela gogoratuko dute 1950eko hamarkadaren azken urteetan ekindako lankidetza. 12:20an hasiko da ekitaldia.

Mansilla de la Sierra herria Errioxako hegoaldean dago. 50eko hamarkadan urtegi bat eraiki zuten herrian eta horrela aldenduta geratu ziren herrigunea eta abereak zeuden lekua; herrigune historikoa ur azpian hondoratuta geratu zen. Herri hori abeltzaintzatik bizi izan da beti eta urtegia eraikitzeak bi eremuak urak banatzea ekarri zuen, asko zailduz bertako herritarren nekazaritza eta abeltzaintza lanak, aziendak eta lurrak gobernatzera joateko ikaragarrizko buelta eman behar baitzuten, denbora asko galduz. Hori ikusita, Ondarroako herriak txalupa bat oparitu zion Mansilla de la Sierrakoari, bertako baserritarren zereginak erraztuz eta urtegiaren alde batetik bestera joateko erraztasuna emanez.

Hori dela eta, Mansilla de la Sierrako udaletxetik dei bat jaso zuen Ondarroakoak, gertaera historiko hau gogoraraziz bi herrien arteko senidetzea gauzatzeko. “Ondarroako Udalaren artxiboan ez dugu aurkitu gertaera hau agertzen den txosten, espediente edo dokumenturik, eta ezagutu ere ez genuen ezagutzen -herritar gehienek ere ez seguru asko-, baina Mansillako udaletxetik deia jaso eta istorioa azaldu zigutenean, bi herrien arteko senidetzea gauzatzea polita iruditu zitzaigun, batez ere, atzean dagoena ezagutzera emateko eta herrien arteko elkartasuna zein garrantzitsua den erakusteko”, azaldu dute udal ordezkariek.

 

 

Bihar eguerdian egingo da senidetzea Mansilla de la Sierran eta ekitaldian parte hartuko dute Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak eta Naiara Burgoa Lizarraga eta Ibon Bergara Etxearte zinegotziek, herri errioxarreko eta bertako gainerako erakunde publikoetako ordezkariekin batera. Duela 75 bat urte jazotakoa ekarriko dute gogora.

Mansilla de la Sierraz gain, Ondarroa Italiako Santa Flavia herriagaz eta Saharako Bojador herriagaz ere senidetuta dago.