Skip to main content

Ondarroako Udalaren euskara sailak sortutako Kalian gora, marea behera proiektuaren aurkezpena egingo da datorren eguaztenean (abenduak 18) 18:30ean Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Kalian gora, marea behera proiektua herriko idazleek osatutako literatur ibilbideen bitartez herria ezagutzeko proiektua da, idazleek beraiek sortua, euren lanetan oinarrituz.

Urtero ibilbideak gehitzen joatea da asmoa eta lehen aldi honetan Kirmen Uribe eta Ana Urkiza idazleek sortutako ibilbideak prestatu dira. Uribe, Bilbao-New York-Bilbao lanean oinarritu da ibilbidea prestatzeko eta Urkiza, ostera, Ondarroako Piratak liburuan; aurkezpen ekitaldian egongo dira biak. Ondarroa idazle handien kabia izan da eta guzti horiei lekua egin nahi zaie proiektu honetan, beraien kontakizunetatik herria erakusteko. Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Txomin Agirre, Augustin Zubikarai, Jose Mari Etxaburu ‘Kamiñazpi’…

Ibilbide literario horien bitartez herriko leku eta txokoak ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek zein bisitariek. Zero gunea deitutako lekuan egongo den panel nagusitik abiatuta, sei geldialdi egongo dira ibilbideko; horietako bakoitzean panel berezi bana egongo da txoko horri dagokion pasartea idazlearen beraren hitzetatik entzuteko. Panelak euskara hutsean egongo dira eta QR kode bidez, beste lau hizkuntzatan entzun ahalko dira pasarteak: gaztelera, ingelera, kataluniera eta galiziera.

Euskara sailetik herriko literaturzale guztiak gonbidatu nahi dituzte eguazteneko aurkezpenera.