Skip to main content

Ondarroako Udalak ongi etorri saioa antolatu du kanpotik gure herrira bizitzera etorri direnei harrera egiteko. Aurreko urteetan modura, ekitaldi irekia izango da, eta asmo da, besteak beste, herrira etorri direnei Ondarroa bera, baliabideak, aisialdi eskaintzak, zerbitzuak eta abar ezagutzera ematea. “Herriko errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera eman nahi diegu. “Gure herrian askotariko elkarteak daude: euskara sustatzeko taldeak, kirol taldeak, dantza eta antzerki taldeak, musika taldeak, emakume elkarteak… Bakoitzak beretik Ondarroa anitzagoa egiten du, eta horrek, herriaren nortasuna aberasten du, guk gurea erakutsiz eta etorri berriek beraiena ere guri irakatsiz”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.

Ongi etorri saioa urtarrilaren 24an izango da, zapatua, 11:00etan Kofradia Zaharrean.

“Mundu oso bat daukagu Ondarroan, herrixka globala da gurea, jatorri anitzeko pertsonez osatuta; eta,aldi berean, nortasun propio handia du. Jendeak edozein aitzaki bilatzen du kalera ateratzeko eta bertan beti da zer egin edo non parte hartu, ekimenugari izaten dira eta denok har dezakegu parte”, gaineratu dute Irina Alkorta Bedialauneta eta Esti Arruti Osa zinegotziek.

Udal ordezkari eta zenbait eragileen artean egindako harrera eta aurkezpen saioa da eta helburua elkar ezagutzea da, hor oinarritzen baita harrera bera. Ekitaldi sinboliko honekin, Ondarroara iritsi berriak bizilagun gisa aitortzea da xedea, eta herritar moduan Ondarroako bizitza sozio-kulturalean murgiltzeko ezagutza eta transmisioa egitea, herriaren parte aktibo izateko gonbidapena luzatuz:

Horretarako, herriaren azalpen eta orientabideak emango zaizkie, eta herriko eragileen aurkezpena egingo zaie, haiekin harremana izan dezaten sustatu eta herriko bizitza egituratuan parte hartzeko gonbidapena luzatuz

  • Herriaren eta ezaugarri orokorren aurkezpena egingo da. Herriko ohitura eta bizimoduaren berri eman.
  • Jatorri eta kultur aniztasunaren ideiak balioan jarri, elkar errekonozitzearen eta elkarbizitzaren garrantzian enfasia jarriaz. Herriko dinamika eta egunerokoan integratu eta parte hartzeko gonbitea luzatu, herritar aktiboak izatera animatuz.
  • Herriko elkartegintza, kultur eskaintza eta antolaketa, zein bestelako informazioa eskaini. Espazio hauetan parte hartzeko aukera zabaldu.
  • Herritar berriek dituzten zalantza edo galderei erantzuteko tartea.
  • Espazio edo giroa sortu, elkarrekin hitz egiteko, esperientziak edo beharrak konpartitu ahal izateko.

Udaletik, dei egiten diegu herritarrei eta batez ere herriko talde eta eragileetako ordezkariei saioan parte hartzera.

Iaz egindako ongi etorri saioa.