

Ondarroak 700 urte beteko ditu 2027an eta zazpigarren mendeurren garrantzitsu hori ospatzeko eta iragartzeko logo lehiaketa ipini zuen martxan Ondarroako Udalak. 40 proposamen baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara eta epaimahaiak Lara Larrañaga Salegi sortzaile ondarrutarraren 700 urte geure Ondarruk irudia aukeratu du.
Lara Larrañaga: “Ondarroaren 700 urteak irudikatzeko, herriko ikur ezagunenetako bat hartu da abiapuntu: Zubi Zaharra. Mendeetan zehar, eraldatu, kaltetu, suntsitu eta berreraiki izan da. Hala ere, herriaren nortasunaren parte izaten jarraitzen du. Zubi Zaharra Ondarroaren 700 urteen metafora da: irauteak ez du bere horretan mantentzea esan nahi, aldaketetara egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gai izatea baizik. 700 urte ondoren, gure herriak aldatzen jarraitzen du. Eta batuta jarraitzen dugu”.


Arkuen forma 700 zenbakiarekin uztartzen da, eta 7aren formak ontzi baten branka iradokitzen du. Hiru elementuak, Zubi Zaharra, 700 zenbakia eta branka, keinu bakarrean elkartzen dira. Horrela, Ondarroaren historia, nortasuna eta itsasoarekiko lotura irudi soil eta ezaguterraz batean biltzen dira.
Epaimahaiaren lana ez da erraza izan. Lan askotarikoak aurkeztu ziren lehiaketara eta erabakia hartzea ez zen erraza izan. Bozketa bidez egin zen aukeraketa, beti ere lanen egileen anonimotasuna gordeta, hau da, epaimahaikideek ez dute jakin lan bakoitza norena den.





