Skip to main content

Lara Larrañaga Salegi ondarrutarrak irabazi du aurtengo Andra Mari jaiak iragartzeko kartela, Andrak Andramaixetan lanarekin. Larrañagaren diseinuak, herritarren bozken %30,58 jaso ditu, hau da, egon diren 376 bozketatik 115. Ez da lehen aldia kartel lehiaketa irabazten duena; 2024ko kartel iragarlea ere berea izan baitzen.

Kartelaren egileak adierazi duen moduan, garrantzi handia dauka kartelean emakumeak agertzeak, askotan, adineko herritarrek, eta are gehiago emakumeek, ez dutelako presentziarik izaten herrietako jaietako karteletan. Horiez gain, herrian presente dauden borrokak (feminismoaren aldekoa, LGTBIQ+ eta Palestina, esaterako) ere isladatu ditu ilustrazioan. Herriarekin lotura zuzena daukaten kolore urdina eta gorria, Zubi Zaharra eta ezkatak ere presente daude lanean.

Aurten, bigarren aldiz, herritarrek aukeratu dute kartel irabazlea zein izango zen eta Udala oso pozik dago erabaki horrekin, herritarren partehartzea sustatzeko beste urrats bat baita. Iaz baino bozka gutxiago batu dira aurten, baina aurkeztutako kartel kopurua ere txikiagoa izan dela ikusita, herritarren partehartzea azpimarratzekoa izan da.

Herritarren batek bozka zenbaketaren akta ikusi nahi izango balu, kultura sailean dago eskuragarri. Azpimarratu behar da bozkatzaileen zerrendaren kontrol orrian zenbaketa akats bat zuzendu behar izan zela (zenbakiak idazterakoan 337tik 388ra okerreko jauzia egin baitzen; honek ez zuen boto kopuruan gorabeherarik suposatu). Horrez gain, egiaztatu da zerrendan ez zegoela izen abizen errepikaturik.

Gaur egin dute kartel iragarlearen aurkezpena Lara Larrañaga Salegik, Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eta Ion Iñaki Artetxe Egaña kultura zinegotziak.