Skip to main content

Ondarroako Udalak, Eihera kooperatibaren eskutik, herriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzak eta errealitateak errekonozitu eta narratiba kolektiboa eraikitzeko proiektua abiarazi du: Ondarroako LGTBIQ+ bizitzak eta errealitateak. Memoria, aitortza eta erreparazioa oinarriak izanda, prozesu oso bat aurrera eramatea da xedea, Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak azaldu duenez.

Udaletik Eihera kooperatibarekin jarri ginen harremanetan prozesua garatzeko, erakunde publikoetatik LGTBIQ+ bizitzak erdigunean ipintzea garrantzitsua zelako. “Orain arte udaleko Berdintasun Sailetik emakumea jarri dugu beti erdigunean. Eta, nahiz eta horretan jarraituko dugun, LGTBIQ+ kolektiboari merezi duen tokia emateko sasoia da”, azaldu du Naiara Burgoa Berdintasun zinegotziak.

 “Ohiko diagnostikorik ez genuen egin nahi. Izan ere, ohiko diagnostikoek arriskua izan dezakete indarrak sakabanatzeko edo jada identifikatuta dauden ondorioetan geratzeko. Garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren kirolean, kulturan edota hezkuntzan dauden errealitateak, baina proiektu honetan pauso bat harago joan nahi genuen, bizipenak erdigunean jarri eta herri narratiba kolektiboagoak eraiki”, adierazi du Eihera Kooperatibako kide den Iñi Etxezarretak.

Burgoak nabarmendu du Ondarroa, “herri irekia” dela esan ohi bada ere, horrek ez duela esan nahi “askatasun osoz” bizi denik sexu eta genero disidentzia: “Ondarroa ez da herri isolatu bat: munduaren parte da, eta oraindik pauso asko daude egiteko”.

Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotzia eta Unai Ribera eta Iñi Etxezarreta Eiherako kideak.