Skip to main content

Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Andra Mari jaiak iragartzeko Ondarroako Udalak antolatzen duen lehiaketaren irabazlea. Iaz egin zen kartel aukeraketa lehen aldiz metodo honen bitartez eta herritarren erantzuna bikaina izan zela ikusita, aurten ere prozedura berdina jarraitzea erabaki du Udalak.

Lehiaketak, beraz, bi fase izango ditu: lehenengoa kartelak egitekoa izango da, eta bigarrena, herritarren bozketa. Lehenengo fasea zabalik dago dagoeneko eta ekainaren 30eko 13:00eraino egongo da zabalik. Aldi honetan kartelak aurkezteko aukera izango dute nahi duten guztiek, beti ere beherago agertzen diren baldintzak beteta. Behin horiek aurkeztuta eta lehiaketaren oinarri guztiak betetzen dituztela bermatutakoan, bozketa fasea hasiko da, aurrerago zehaztuko diren datetan. Iaz modura, kartelak Udal Erakusketa Aretoan ipiniko dira ikusgai eta herritar bakoitzak bozka bat eman ahal izango du, presentzialki.

LEHIAKETAREN OINARRIAK:

1.Edonork har dezake parte eta gaia librea da. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du.

2.Kartelaren ezaugarriak:

Teknika: edozein.

Neurria: A-3 edo proportzionala izan beharko du.

Formatoa: euskarri gogorra edo papera.

Titulua: Kartelak ondorengoak jaso behar ditu:

  • 2026ko ONDARROAKO JAIAK eta letra txikiagoan, Andra Maixak
  • Abuztuaren 11tik 17ra

 Oharra: ezinbestekoa da zehatz mehatz aurretik aipatutakoak jasotzea.

3.Kartelak noiz eta non aurkeztu:

  • Epea: 2026ko ekainaren 30ra  arte, 13:00ak baino lehenago
  • Tokia: Udal erregistro orokorra edo Ondarroako Egoitza Elektronikoa
  • Postaz aurkezteko helbidea: Ondarroako Udala – Jaietako kartel-lehiaketa 2026 – 48700 Ondarroa

4.Kartela zer-nola aurkeztu

Kartelek ez dute jasoko egilearen izenik, eta kartazal zarratuan sartuta aurkeztuko dira; kartazalean soil-soilik lema edo goitizena jarriko da.

Kartazal horren barruan beste kartazal bat sartuko da eta horren kanpoan lema edo goitizena jarriko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea, posta elektronikoa eta nortasun agiriaren kopia.

5. Saria

  1. saria: 600 euro (saria ordaintzerakoan dagokion zerga araudia aplikatuko da).

6. Irabazlea aukeratzeko prozesua

Aurkeztutako kartelak ikusgai egongo dira Udal erakusketa aretoan uztailaren 3tik 12ra bitartean. Kartelak aurkezten diren formatuan berdinean jarriko dira Udal Erakusketa Aretoan.

Ondarroako herritarrek aukera izango dute gustukoen duten kartela zein den erabakitzeko. Udal Erakusketa Aretoan kutxa bat jarriko da botoa emateko. Pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Bozka presentzialki egin beharko da eta ezin izango da botu-delegaziorik egin. Irabazlea bozka gehien jasotzen duen kartela izango da. Pertsona berdinak boto bat baino gehiago ematen badu, pertsona horren bozka guztiak baliogabetuko dira. Bi kartelek puntu berdinak jaso izanez gero, Ondarroako Kultura Saila izango da irabazlea nor den erabakiko duena.

Aurkeztutako lanek ez badute behar den besteko kalitaterik, Ondarroako Udalaren Kultura Sailak erabaki dezake saririk ez ematea.

Lan irabazlea zein den, uztailaren 13ko astean jakinaraziko da.

Ondarroako Udalak Ondarroako herritarrak deitzen ditu Andra Mari jaietako kartel lehiaketan eta hautaketan parte hartzera.

7. Udalak eskuratuko du saritutako kartelaren jabetza, eta eskubidea izango du argitaratzeko, zabaltzeko eta abar. Hortaz gain, udalak eskumena izango du, beharrezkoa ikusiz gero, “QR” edo antzeko elementuak kartelean txertatzeko, beti ere kartelaren konposizioa aldatu gabe. Kartelean erabilitako irudiak egilearen originalak, egileak baimenduak edo erabilpen libreko irudiak izan beharko dira.

8. Saritu gabeko kartelak egileen esku izango dira abuztuaren 10a arte, 14:00ak baino lehenago.

9. Lehiaketan parte hartzen dutenek ontzat hartzen dituzte aipatu arau guztiak; arauren bat ez betetzeak lehiaketatik kanpo geratzea dakar.

10. Kartelean ezingo dira mezu iraingarririk edota giza eskubideen aurkakorik jaso.