Ondarroako Udalak eta Zatozte Ondarroako Merkatarien Elkarteak herriko bono kanpaina ipini dute martxan. Bihar (abenduak 3) abiatuko dira bonuak, abenduaren 13rarte, arinago amaitzen ez badira. Kanpainaren helburuak herriko dendetan kontsumoa bultzatzea eta tokiko merkataritzaren jarduera sustatzea dira, eta horretarako, 10.000 euro bideratu ditu Ondarroako Udalak. Bost euroko bonoak izango dira, ahalik eta herritar kopuru handienarengana iristeko asmoarekin; 15 euro gastatu eta 10 euro ordaindu; 2000 bono jaulkiko dira.
Herriko 34 komertziok eman dute izena
Bono kanpaina honetan parte hartzeko herriko 34 komertziok eman dute izena, beraz, bihartik aurrera horietan egongo da martxan bono kanpaina. Hauek dira: Anie, Arantza estetika, Badiola burdindegia, Bengoetxea kirolak, Dra! jolas denda, Dra! osagarriak, Eguren elektrotresnak, Fernando Urruzuno farmazia, Osa Larruzea farmazia, Frias, Ganbara, Idaga estetika, Idiakez, Intersport, Klik Klak, Kurike, Laura’s arropa denda, Lavin, Lide, Lilie, Lorak Esther, Marta ileapaindegia, Martin informatika, N maskoten ileapaindegia, Nerea, Goe oinetakoak, Omar konponketak, Sustrai belardenda, Tiki Taka, Vitoria optika, Zaloa, Zaton eta Zibot.
Bonuen funtzionamendua
Kanpainaren kudeaketa osoa —banaketa, kontrola eta jarraipena— Zatozte elkartearen bidez egingo da, tokiko establezimenduekin elkarlanean.
Zatozte elkarteak adierazi du “bonuak tresna eraginkorra direla bezeroak erakartzeko, salmentak aktibatzeko eta tokiko merkataritzaren hurbiltasuna eta kalitatea balioan jartzeko”. Bestalde, Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak tokiko merkataritzari laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du: “herri biziak nahi baditugu garrantzitsua da merkataritzari laguntzea, izan bonoen bidez edo baita beste bide batzuetatik ere. Bono hauen bitartez, herritarrei euren erosketetan laguntzea, herriko komertzioa sustatzea eta dirua herrian bertan mugitzea lortuko dugu”. Alkateak, bestalde, gogora ekarri nahi izan du duela hilabete eta erdi inguru Bizkaia Oso Pro! kanpainaren aurkezpenean esandakoak, bono kanpaina ahu moduko ekimenei hertsiki lotuta daudenak:
Bono kanpainaren abantailak:
-
Herriko komertzioetan kontsumitzea.
Herrian erein, herria loratuz. Udalak jarritako dirua herritarrek darabilte, herriko komertzioetan, tokiko merkataritza sustatuz. -
Erosleek dirua aurreztea.
Plataforma handiek eskaintzen dituzten balizko abantailen aurrean, herritarrek bost euro aurrezten dituzte erosketa bakoitzean eta gainera dendariek ez dute dirurik galtzen. -
Merkataritza sustatzea.
Herritarrak herrian erostera animatu eta horrela erosle potentzialak erakarri. -
Ekonomia-eragin positiboa
Tokiko saltokiek jasotzen duten sarrerari esker, herrian ekonomia modu zirkularrean mugitzen da (dirua herrian barruan bueltatzen) eta bizi-kalitatea susta daiteke. -
Erabilera arina eta bideragarria
Bono sistemak bertatik bertarako eta aurrez-aurreko tratua sustatzen du, lekuan bertan eroslea eta saltzailea aurrean daudelarik.




