“Bakardade Ikusezina” erakusketa duela sei urte BBK-k abian jarritako ekimen arrakastatsua da, adinekoen artean nahi ez den edo gura bako bakardadeaz gizartea kontzientziatzeko, Ruben Orozco artista mexikarraren ‘Mercedes’ eskultura hiperrealistaren bidez. Izan duen harrera onari esker, Bizkaiko herri askotatik igaro da. Orain, Ondarroako Udalaren laguntzari esker, herriko bizilagunak ‘Mercedes’engana hurbildu ahal izango dira urriaren 6tik 19ra. Ordutegia: astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara.
Erakusketa ‘Herriz Herri’ programaren esparruan iritsi da Ondarroara: gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzeko BBK-k eta Bizkaiko udalek bultzatzen duten programa da.
Mercedes, Bakardade Ikusezinaren protagonistak, banku batean eserita dagoen adineko emakume bat irudikatzen du: bakarrik, serio eta triste. Ondarroaren kasuan, herriko bizilagunak udal erakusketa aretoan elkartu ahal izango dira berarekin. Erakusketa osotzeko, gura bako bakardadeari buruz hausnartzeko bi jarduera antolatu dituzte Udalak eta BBK-k: batetik, bakardadeariburuzko mural bat sortzea, urriaren 8an; eta, bestetik, kafe-tertulia bat, urriaren 16an, 18:00etan.
Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkaiarentzat
Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ondoren, BBK-k Herriz Herri proiektua jarri du abian berriro. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Dagoeneko Bizkaiko 61 udalerrik bat egin dute ekimenarekin.
Proiektu honekin, bizkaitarren kohesio eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, eta katalogo berritua aurkezten du. Katalogoan, ‘Bakardade Ikusezin’ horretaz gain, herrialdeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko gazteei zuzendutako proposamenak; emakumeari, inklusioari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima- aldaketari buruz kontzientziatzeko zikloa; eta haurrentzako tailer ludikoak 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzeko.



