Skip to main content

Ondarroako Udalak eta Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur (azaroak 25) udaletxean. Hitzarmen honi esker, Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko kideek Arrigorri hondartzan Udalak daukan aldagela egokitua erabili ahal izango dute udako denboralditik kanpo. “Eskilantxarriko kide askok erabiltzen dute hondartza neguan, batez ere ur jardueretarako. Ikusita aldagela egokituak uda sasoitik kanpo ez duela erabilerarik, egokia ikusi dugu espazio hau elkarteari lagatzea”, esan du Ibon Bergara Etxearte kirol zinegotziak. Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak eta Eskilantxarriko presidente Ismael Ituarte Etxebarriak sinatu dute hitzarmena.

Lagapena urriaren 16tik maiatzaren 16ra bitartekoa izango da. Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak, aldagela erabiltzeaz gain, materiala gordetzeko altzariak zein materiala bere horretan gorde ahalko ditu. Material horiek, maiatzaren 16tik urriaren 16ra bitartean bertatik kendu beharko dira; tarte horretan aniztasun funtzionala daukaten herritarrek erabiltzeko aldagela izango da, euren beharrizanetara egokitua, orain arte modura. Hitzarmenaren iraupena urterokoa izango da.

Duela urte batzuk 100 erabiltzaile baino gehiagok zeuzkaten baimena eta giltza uda sasoitik kanpo aldagela egokitu hori erabiltzeko: igerilariek, surflariek, bodyboarderrek… baina espazioaren kudeaketa inorena ez zenez erabilera ez zen egokia izan: apurketak, erabilera ez-egokiak, zikinkeria… baimenik ez zuen geroz eta jende gehiago ere hasi zen aldagela erabiltzen. “Hasieran ondo joan zen dena, baina denbora igaro ahala kontrolik gabe eta baimenik gabe erabiltzen zuen jende askok, eta hori ikusita, esan genien talde baten esku lagako genuela espazioa, herriko gainontzeko udal azpiegiturak bezala, arduradun jakin batzuekin”, azpimarratu du Bergarak. “Erabilera txarra izateak eragin zuen benetan erabiltzeko gogoa zutenek espazioa baldintza txarretan topatzea neguko goiz askotan, batez ere asteburuetan. Kudeaketa talde baten esku utzita uste dugu hobeto joango dela dena”.

Adostasun horretara iritsita, uda sasoitik kanpo Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak kudeatuko du espazioa eta bertako bazkide direnek erabili ahal izango dituzte aldagela eta dutxa. “Taldearen esku geratu da orain kudeaketa, eta Udaletik oso eskertuta gaude”.