Skip to main content

Radixu irratiak antolatutako Zapato Azule ospatuko da zapatuan (ekainak 28) eta azken urteetan Ondarroara datorren jendetza eta jaiak herriarentzat suposatzen duena ikusirik, hainbat neurri hartu ditu Udalak. Neurri horiek gai desberdinei dagozkie eta iragan urteetako balorazioen eta Udalko sail desberdinen arteko lanketaren ondorio dira.

ESPAZIOAK: Musika Plaza ez dagoenez erabilgarri, itxita egongo da eremua, plaza erdirarte. Beraz, eszenatoki ingurua ez ezik beste guztira sartzea galarazita egongo da.

ERASO MATXISTEN KONTRAKO ARRETA ZERBITZUA: Aurreko urteetan bezala Udalak zerbitzu hau bermatuko du, 18:00etatik 08:00etara. Erasoren bat ikusten edo jasaten baduzu, deitu: 688 772 772. Arreta presentziala ere eskainiko da, Etxelilan.

UDALTZAINGOA: Azken urteetan modura, ekainaren 28an udaltzainek 24 orduko zerbitzua eskainiko dute. Hauek dira bertako telefono zenbakiak: 94 683 36 73 eta 669 789 159. Aurten, ez dira euren bulegoan egongo, horrek hainbat zailtasun sortzen baitzituen zerbitzua behar modura eskaini ahal izateko. Futbol zelaian muntatuko dute larrialdi zerbitzuen koordinazio mahaia, Udalak kontratatutako osasun zerbitzuekin batera.

MEDIKU ZERBITZUA: Ondarroako Udalak jaiguneari estaldura emango dion mediku eta anbulantzia zerbitzu propioa kontratatu du.

APARKALEKUAK: Jaira etortzen den jendetza ikusita hainbat aparkaleku egokituko dira: portuan 250 ibilgailurentzako aparkalekua egokituko da. Zaldupe eskolako, Zubi Zahar herri ikastolako eta Arrantza Eskolako jolastokiak zabalik egongo dira. Zaldupeko kiroldegiaren aurreko plaza eta frontoia ere aparkatzeko erabili ahal izango dira. Autobus pribatuak ezingo dira herrigunean egon aparkatuta. Aparkaleku berezi hauek hustuta egon beharko dira igandeko 20:00etarako.

GARBITASUNA: Udalak bere baliabide guztiak ipiniko ditu martxan biharamunean herria garbitzeko: pertsonala, ibilgailuak, materiala… Hala eta guzti ere ez da erraza izaten herria lehengoratzea. Horretarako, ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa zamarpotoetara botatzea dira garrantzitsuenak. Zaindu herria! Zaindu Ondarroa! Jaiguneko garbitasuna ahalik eta efizienteena izateko, domekan (ekainak 29) ezingo da Usandizaganetik Kantoiperuntz sartu kontrako norantzan. Denok nahi dugu herria garbi egotea biharamunean, baina ezinezkoa da egun bakarrean puntu estrategiko guztiak garbi eta txukun egotea.

HONDAKINAK: Hondakinak biltzeko edukiontzi gune bereziak ipiniko dira jaiguneko hainbat puntutan, Lea Artibai Amankomunazgoarekin elkarlanean.

KOMUNAK: Komun zerbitzua indartu egin zen iaz eta aurten ere horrela jarraituko da. Kantoipe errebueltan egongo da ipinita komun irisgarria.

IGOGAILU PUBLIKOAK: Arratsaldeko 17:00ak aldera itxi egingo dira Kantoipeko igogailua eta korreta; 19:00ak aldera, Iparkaleko eta Pixapeko igogailuak. Ordu horretan hasten da jendea jaigunetik aldentzen eta orduan gertatzen dira gorabeherak igogailuetan. Hobe da arratsalde batez itxita egotea igogailuak eta ez matxuraren bat eragin eta egunetan zerbitzuz kanpo izatea. Korreta ere itxi egingo da arratsaldean. Kantoipeko igogailuarekin batera itxiko da korreta ere.

LARRIALDI ZERBITZUAK: Jaiak daukan masifikazioa kontuan harturik, Ondarroako Udalak jaigunean gerta daitezkeen osasun arazoak artatzeko mediku zerbitzua kontratatu du, anbulantziarekin batera. Zerbitzu hau jaiaren baitan gertatutakoak artatzera bideratuta egongo da soilik. Udaltzaingoarekin koordinatuta egongo da.

AUTOBUSAK: Ondarroara datozenak garraio publikoan etor daitezen, autobus kopurua eta maiztasunak areagotzeko eskaria egin dio Udalak Bizkaibus eta Lurraldebus zerbitzuei. Zerbitzuak indartzeko eskaria ez da bakarrik Ondarroara etortzeko, baita jaitik bakoitza bere herrira itzultzeko ere. Bizkaibusek, domekako lehen orduko irteerak indartuko ditu:

– A3916 BILBAO – ERMUA – ONDARROA (Autopista) linea: 06:40an, Ondarroa eta Markina-Xemein arteko errefortzua.

– A3915 BILBAO-DURANGO – ONDARROA (Autopista) linea: 07:05an, Ondarroa eta Iurreta arteko errefortzua

Lurraldebusek, ostera, Ondarroara etortzeko zein bertotik bueltatzeko zerbitzuak indartuko ditu, jendearen eskariaren arabera. Ez da ordutegi berezirik ipiniko; eskariaren arabera autobus kopuru handiagoa egongo da erabilgarri ohiko ordutegietan.

ORDUTEGIAK: Zapato Azule jai egun modura izendatuta dagoenez, tabernek bi ordu gehiagoz zabalik egoteko baimena daukate; daukaten kategoriaren araberako ordutegiari dagokion luzapena da.