Skip to main content

Ondarroak 700 urte beteko ditu 2027an eta urteurren berezi hori behar modura ospatzeko asmoa dauka Udalak. Hori dela eta, 2026ko irailean hasi eta 2027ko iraileraino hainbat ekimen eta ospakizun antolatuko dira, herrikoiak. Urteurrenari amaiera emateko Erdi Aroko jaia antolatuko dugu 2027ko irailean.

Udala dagoeneko hasia da martxan urteurren horretarako ekintzak prestatzen, eta lehenengo ekimena pare bat asteren buruan zabalduko da. “Uste dugu herriak merezi duela eta herritarrok merezi dugula 700. urteurrena behar modura ospatzea, handikeriarik gabe, auzolanean, baina gure izatearekin eta egiteko moduarekin bat”, aitortu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak. Horretarako ezinbestekoa izango da herritarrekin, herriko talde eta eragileekin eta gainerako erakunde publikoekin elkarlana.

Hiribildu gisa 1327. urtean sortu zen, Maria Diaz de Harok, Bizkaiko andereak, fundazio-gutuna eman zuenean. Garai hartan bazegoen arrantzale eta marinelen kokaleku bat Artibai ibaiaren bokalean, eta haren inguruan antolatu zen hiribildu berria, Ondarroa. 700 urtera, hemen jarraitzen dugu, zutik eta itsasoari begira, iparrera.