Ondarroa idazle handien sorlekua da eta gainera idazle horiek herritik idatzi dituzte euren lan ezagunenak. Hari horri tiraka sortu zen duela urtebete Kalian gora, maria behera proiektua, non herriko idazleek euren lanetan oinarritutako literatur ibilbideak sortu dituzten herria ezagutzeko. “Ondarroa kresalez bustitako herria da eta herriko idazleak ez dira salbuespena. Denetan igartzen da herri arrantzalea garela eta hori erakutsi nahi diegu hurbiltzen diren guztiei”, azaldu dute. Nerea Gartzia aurkezle ondarrutarrak zuzendu du ekitaldia, eta bertan egon dira, besteak beste, udal ordezkariak, Kirmen Uribe, Ana Urkiza, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrak, Liburuen Amuak irakurle taldeko kideak, proiektu honen hasierako lantaldea osatu zuten Inge eta Laia Revuelta eta Joxemari Urteaga eta beste hainbat gonbidatu eta herritar.
Lehen urte honetako ibilbideak Kirmen Uribek eta Ana Urkizak egin dituzte; datorren urtekoak Mikel Etxaburuk eta Leire Bilbaok egingo dituzte. “Lehengo eta oraingo idazle ondarrutarrekin urtero bi ibilbide berri gehitzen joatea da asmoa”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak.
Proiektuaren aurkezpenarekin batera lehen bi ibilbideak ere ezagutzera eman dituzte Kirmen Uribek eta Ana Urkizak. Uribek, Bilbao-New York-Bilbao eleberrian oinarrituta sortu du bere ibilbidea eta Urkizak, Ondarroako Piratak lanean oinarrituta. Ibilbide bakoitzak sei geraleku izango ditu eta horien bidez herriko kale, txoko eta istorioak ezagutzeko aukera egongo da. Ibilbide guztiak Kantoipe errebueltako zero gunean hasiko dira; bertan daude plaka nagusiak. Hortik abiatuta, ibilbide bakoitzak kale eta istorio desberdinetatik eramango ditu herritarrak zein bisitariak. Geraleku bakoitzean plaka bat dago non QR kode bat eskaneatuz idazleak berak leku horren eta bere nobelako pasarte baten arteko lotura egiten duen. Plakak euskara hutsean daude, eta QR kodea eskaneatuz gazteleraz, ingelesez, katalanez eta galegoz ere entzun ahalko dira kontakizunak. Idazle bakoitzak sei plakaz osatutako ibilbidea dauka.
QR guztiek udalbarriak.eus webgunearen baitan dagoen atal berezi batera zuzenduko dute irakurlea: LITERATUR IBILBIDEAK
Proiektu hau udal euskara sailetik bideratu da eta helburua herrian dagoen maila altuko euskal idazleak goraipatu eta beraien sorkuntzaren bidez, euskara ardatz hartuta, herriaren ezagutza, literatura eta turismo jasangarria sustatzea da. “Euskaraz sortzen duen herri bat gara eta ondasun hori agerian utzi nahi dugu, bai herritarren aurrean eta bai bisitarien aurrean”, esan du alkateak. Gaineratu du “haro egoteko moduko herria eta herritarrak” daudela Ondarroan eta proiektu honek euskal kulturaren eta euskarazko sormenaren mapan “are garbiago” kokatzen duela herria. “Proiektu honek aukerak zabaltzen ditu: tresna bat da, denon eskura dagoena eta literatur gosea daukan edozeinentzat da aproposa; ikastetxe, euskara ikasle, herritar, bisitari…”
Datozen egunetan Kirmen Uriberekik eta Ana Urkizarekin euren ibilbideak egiteko aukera egongo da. Laister zabalduko dugu informazio zehatzagoa, beraz, adi!
Proiektuaren izena. Proiektuari izena jartzerakoan ideia desberdinak sortu ziren, baina lotura bat segidan jarri zuten mahaigainean: Ondarroako izaera, herri aldapatsua, itsasoa… abesti bi agertu ziren orduan Kalian gora, kalian behera eta Itoizen Marea gora. Azken letra hau, Jose Mari Argoitia ondarrutarrak idatzi zuen eta joko horretatik abiatuta eta Argoitiari berari ere omenalditxo bat eginez sortu zen proiektuaren izena, Kalian gora, maria behera. Bestalde, logoaren koloreak errekak eguraldi oneko egunetan izaten duen kolorea islatu nahi izan du, Artibai errekak markatzen baitu herri guztia zeharkatzen duen ibilbidea.
Proiektu hau gauzatzeko lanetan Sorland enpresa izan du bidelagun Ondarroako Udalak.