Skip to main content

Gaur iluntzean egin da ez-ohiko udalbatza eta hasierako onarpena eman zaio 2026ko Ondarroako ordenatza fiskalari. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen tasen eta ezartzen dituen zergen igoera orokorra %3koa izango da. Igoera orokor horren helburua da udal-zerbitzuen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea, ondarrutarrek zerbitzu irisgarriak eta kalitatezkoak dituen udalerri batez gozatzen jarraitu dezaten. EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ/PNV abstenitu egin da. “Prisengatik abstenitzen gara, uste dugulako azeleratuegia izan dela prozesua. Horrez gain, baita zaborren tasaren igoerarengatik ere, iaz %25 eta aurten %30”. Urtza Alkortak hitz egin du EH Bilduren izenean eta aitortu du forma aldetik horrela izan dela, nahi baino prisa gehiagorekin, baina hala eta guzti ere bi ogasun batzorde egin direla beren beregi ordenantza fiskalei buruz berba egiteko plenora eraman aurretik. Hala ere, beste ekarpenik ere ez duela jaso esan du. Igoerarengatik esan du iaz eta aurten igoerak egin izan ez balira, aurten izan beharko litzatekeela %55eko igoera. Aitor Basterretxeak erantzun du ulertzen duela egoera eta espero duela hobariak ere iristea; “ulertzen dug egoera, ez baita erraza, baina hoariak egotea ere nahi dugu, ez atzeratzea”. Alkateak erantzun dio Udalak 70.000 euroko inbertsioa egin duela hondakinen bilketan eta hortik abiatutako sistema berriak (eskualde guztian inplantatuko denak) ahalbidetuko duela hobariak egotea, hau da, gehiago birziklatzen dutenek gutxiago ordaintzea. Amaitzeko, esan du, hondakinen gaia bi alderdiek Lea Artibai Mankomunitatearen baitan denbora luzez landu dutela, batera, akordioak eginez.

Ehuneko hori baino igoera handiagoa izango duten tasak bi izango dira: bata, Zaldupe udal kiroldegiko bazkidetza, eta bestea Unanue Udal Musika Eskolako izen ematea eta kuotak (hauek 2026/2027 ikasturtean aplikatuko dira). Lehenengoaren kasuan, oso merkea izan da orain arte kiroldegiko bazkidetza, “inguruko merkeena”, eta igoera dakar eskaintzen diren zerbitzuetan ahalik eta galera gutxiena egoteko; hala ere inguruko merkeena izaten jarraituko du. Bigarrenaren kasuan, 2017tik ez da igoerarik egon eta horri erantzuten dio %10eko igoerak, “zerbitzuak dituen kostuak mantendu ahal izateko”.

Zaborren tasa %30 igoko da. Udala behartuta dago zaborren tasa %30 igotzera, horrela agintzen baitu Europako direktiba batek. Horren arabera, 2030erako birziklatze tasa %65ekoa izan behar da. Hori betetzen ez den bitartean herritarrek beraiek ordaindu behar dute errefusa batzearen, garraiatzearen, tratatzearen eta erretzearen kostua, eta Udalak ezin du orain arte modura gastu horren zati bat berak ordaindu. Eskualdeko udal guztiek egingo dituzte antzeko igoerak, zabor bilketa sistema bateratuta dagoelako Mankomnitatearen baitan.

  • Zergatik da igoera hain handia? Europak behartzen duelako errefusaren tratamenduak sopasatzen duen gastu guztia herritarrek ordaintzea, eta ez orain arte modura zati bat herritarrek eta beste zati bat Udalak.
  • Zer suposatzen du %30eko igoerak? Adibidez, orain arte hiruhileko zaborren tasa 29 euro ordaintzen zen etxean, orain 36,7 euro ordainduko dira, hau da, hilabetean 2,63 euro gehiago (urten, guztira, 31 euro ordainduko dira etxeko zabor-tasa).

Etxebizitza turistikoek orain arte etxe arrunt modura ordaintzen zuten zabor-bilketa zerga, eta aurrerantzean negozio modura ordainduko dute, herriko gainontzeko ostatuek modura.

Europatik ezarritako helburuetatik urrun dago eskualdea eta, ondorioz, helburuak betetzen ez badira, kostuak handiagoak izango dira eskualdean datozen urteetan herritarrentzat. Izan ere, aurreikuspenen arabera, errefusaren tratamenduaren kostuak handitzen jarraituko du. Urtza Alkorta Arrizabalaga, alkatea: “Helburuak betetzen ez badira eta birziklatze-tasa ez bada handitzen, kostuak are handiagoak izango dira eskualdean. Orain arte, Udalek birziklatze-gastuaren zati bat bere gain hartzen zuten, baina indarrean dagoen araudiaren arabera, hemendik aurrera gastuak herritarren tasen bidez ordaindu beharko dira. Horregatik, hondakinak behar bezala sailkatzeak garrantzi berezia hartuko du tasak ahalik eta txikienak izan daitezen”.

Erabilera turistikoa daukaten etxebizitzen zabor-tasa ostatuena bestekoa izango da aurrerantzean, ez etxebizitza arruntena modukoa.

Lea Artibaiko datuak.

Orain arte Turismo Bulegoko zerbitzuak ere ez dira kobratu izan. Baina egiten den lana balioan ipintzeko asmoarekin herriko bisita gidatuak 3 euro pertsonako kobratuko dira aurrerantzean. Herriko ikastetxeek edota herriko taldeek euren jardueren baitan Turismo Bulegoarekin egiten dituzten bisitak ez dira kobratuko.

Hobariak. Etxeetako obrei dagokienez, zergaren kuotan %90eko hobaria izango dute baineraren ordez dutxa jartzeko obrek, gutxienez 70 urtetik gorako pertsona bat erroldatuta dagoen etxebizitzetan. “Adinekoen bizi kalitatea hobetzeko neurria da, batez ere kontuan hartuta geroz eta herritar nagusiagoak ditugula”. %65eko aniztasun funtzionala daukaten herritarrek euren etxeak hobetzeko edo mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrek ere %50eko hobaria izango duten euren zerga kuotan.

Ibilgailu elektrikoek % 85eko hobaria izango dute aurretik eskakizuna eginez eta egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuz; ibilgailu hibridoek, ostera, % 75eko hobaria izango dute aurretik eskakizuna eginez eta egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuz. Bi kasuetan, hobaria aplikatzeko, ibilgailuak ezin izango du 5 urte baino gehiago izan lehengoz matrikulatu zenetik.

2026ko ordenantza fiskalak onartuta, alegazioak jartzeko epea zabalduko da datozen egunetan. Hurrengo urratsa datorren urterako udal aurrekontua prestatzea izango da.