1. Geldialdia

Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute. 

Antza dute uztaiengatik. Zuhaitzek enborrean dituzte. Enborrari zehar ebakia egin eta hantxe ageriko dira uztaiak. Uztai bakoitzeko urtebete, horrelaxe jakiten da zuhaitzaren adina zein den. Arrainek ere uztaiak dituzte, baina ezkatetan. Eta zuhaitzekin bezalaxe, uztai horiengatik dakigu zein den animaliaren adina. 

Arrainak beti ari dira handitzen. Gu ez, gu txikituz goaz behin heldutasunera iritsita. Gure hazkundea gelditu egiten da eta hezurrak elkartzen hasten dira. Uzkurtu egiten da pertsona. Arrainak, ordea, hil arte hazten dira. Gazte direnean azkarrago, urteetan aurrera egin ahala mantsoago, baina haziz doaz beti arrainak. Eta horrexegatik dituzte uztaiak ezkatetan. 

Arrainen uztaia neguak sortzen du. Arrainak gutxien jaten duen aldia da negua, eta gose garai horrek arrasto ilun bat marrazten du ezkatan. Gutxiago hazten delako negu sasoian. Udan ez baina. Goserik ez dagoenean ez da arrastorik geratzen ezkatan. 

Uztai mikroskopikoa da arrainena, ez da itxura batean ikusten, baina hortxe dago. Zauri bat izango balitz bezala. Ondo itxi gabeko zauri bat. 

Eta uztaiak arrainetan legez, gertaera latzak geratu egiten dira gure memorian, gure bizitza markatu egiten dute, gure denboraren neurri bihurtu arte. Egun zoriontsuak, aldiz, azkar doaz, azkarregi, eta berehalaxe ahazten zaizkigu. 

Arrainetan negua dena, gizakietan galera da. Galerak zehazten du gure garaia, harreman baten bukaerak, maite dugun pertsona baten heriotzak. 

Galera bakoitza, uztai ilun bat sakonean. 

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)

Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe