2. Geldialdia / NASA-KALETIK IBAIAZ BESTALDEKO ERAIKINEI BEGIRA
OLATUEN ALTUERA
Munstro bat, orroa egiten duen munstroa. Rocabarraigh esaten zaio Irlandako elezaharretan Rockall irlari. Orroa egiten duen haitza. Tradizio zeltaren arabera, haitza agertzen den hirugarren aldian munduaren akabera helduko omen da. Haitza agertu eta desagertu egiten baita. Udan da soilik ikusgai, neguan olatuek estali egiten dute, desagerrarazi arte.
Olatu erraldoien fenomenoa ez da oso ikertua izan zientzialarien artean. Marinelen kontakizunak mitotzat hartu izan dira beti, esaten zutenean olatuek mendien tamaina hartzen zutela Rockall alde horretan. Ez zieten sinesten, exagerazioak zirela uste zen.
Gure aitak ere halaxe esaten zigun, gure etxearen tamaina hartzen zutela neguan olatuek. Zazpi solairuko etxe baten barruan bizi ginen, bosgarrenean. Bada, teilaturaino helduko zirela olatuak zioen berak. “Baita zera ere” esaten genion neba-arrebok, pentsatuta bere buruari inportantzia eman nahian zebilela.
Ez zen haserretzen.
Zientzialarien artean, ostera, olaturik handienak hamabost metro ez zituela gainditzen uste izan da duela gutxi arte. Nahiz eta itsasgizonek bestelakoak esan.
Neurketak sateliteen bitartez egiten hasi zirenean konturatu ziren uste baino olatu erraldoi gehiago daudela Atlantikoan. Baina satelite bidez egindako neurketetan ez zen nabari benetan zein zen olatuen altuera. Horretarako itsasoan bertan egon behar.
- urteko otsailean sekula neurtu den olaturik handiena aurkitu zuten Eskozia iparraldeko Rockall itsasaldean. “RSS Discovery” ontziak neurtu zuen urte hartako otsailaren 8an, iluntzeko seiak eta goizeko seien artean. Ontzia 57,5° N eta 12,7° W posizioan zegoen, Rockall ekialdean, Eskoziatik berrehun eta berrogeita hamarren bat kilometrora. Haizeak mendebaldetik jotzen zuen.
Naomi P. Holliday zientzialariaren taldeak egin zuen deskubrimendua.
Honako hauxe dio Naomi Hollidayk “Were extreme waves in the Rockall trough the largest ever recorded?”, Geophysical Research Letters, vol. 33, l05613, 2006 artikulu zientifikoaren ondorioetan: “Satelite bidezko altimetroak erakutsi du olatuak ez dituela behar bezala neurtzen eta txikiagoak ikusten dituela. Gure ontziko neurgailuek 29,1 metrotako olatua aurkitu dute. Inoiz zenbatutako olaturik handiena. Ondorioz, argi dago azterketak ozeanoan bertan egin behar direla, buia eta ontzien bitartez”.
Hogeita bederatzi koma bat metro. Aitaren neurketekin gomutatu nintzen. Zazpi solairuko etxea. Zazpi bider hiru, hogeita bat. Horri gehitu behar zaio beheko solairua. Demagun lau metro dituela. Hogeita bost metro. Teilatuak beste bi. Hogeita zazpi metro. Zuzen zebilen, olatu hark gure etxea estaliko zuen.
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)
Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.