3. Geldialdia
ZUBI ZAHARRA
Zubi Zaharra Ondarroako herriaren ikono arkitektonikoa da. Zubi zaharra, Kofradia eta Eliza dira herriko hiru elementu arkitektoniko nagusiak.
Gaur egun, Zubi Zaharra, herriko festen erdigunea da. Bertatik eta zubiaren alde banatatik ikus daitezke, adibidez, arrantzale egunean (abuztuaren 17an), kukaña, zubitik beherako jauziak eta antzarrak.
Niretzako Ondarroa aske izateko eta amets egiteko tokia da. Iraganak orainarekin bat egiten duen espazio bizia. Eta Ondarroako piratak eta Ondarroako piraten abentura berriak izan zen estakurua:
- Aitak kontatzen zizkidan istorioak gaur egunera ekartzeko.
- Herriaren bizitasuna azaltzeko. Ondarrutarrak, pixka bat piratak dira.
- Herritarren arteko anaitasuna erakusteko. Ondarroan denak dira txo, ania edo txikiñe.
- Ondarroako ohiturak jakitera emateko: arrantzari eta itsasoari lotutakoak batik bat.
- Transgreditzeko. Piraten abenturei esker, bizitzan, beti, apur bat harago joateko gonbitea egin nahi izan dut.
Kukañan joan-etorri bat, Zubi Zaharretik ibaira jauzi egin edota elizako gargolen azpian jartzea euria egiten duenean, badira probatu beharko genituzkeen esperientziak.
Nahi duzue, zuek ere, proba egin?
IRUDIMENA ETA AUSARDIA
Astolfo, Kikirri eta Pepelion zumardian bakarrik ikusi zituztenean, Bibotaxek eta Pirulik Astolfori zera esan zioten:
- Zure amak, lantegira joan aurretik, mandatu bat emateko eskatu digu.
- Niri? –Astolfok harrituta.
- Bai, zeuri! –Pirulik-. Bihar garbantzuak jan behar dituzuela-eta, beratzera bota behar dituzula esateko eskatu digu.
- Eta zer da beratzera botatzea? -galdetu zion Astolfok.
- Uretara botatzea, motel! –Pirulik irrizuri eginez.
Mandatua jaso ez beste, Astolfok garbantzu kiloa hartu eta Zubi Zaharretik behera hustu zuen.
Kutxiren lagunak barrez lehertu ziren. Ezin, bestela.
Ana Urkiza (Ondarroa, 1969)
Ana Urkiza euskal idazlea eta kazetaria da, eta bere lanek maiz lotzen dituzte genero eta gai ezberdinak, hala nola, poesia, saiakera eta haur literatura. Urkizak bere ahots propioa garatu du, adierazpen poetiko indartsua eta sentiberatasun handikoa. Bere lanek maiz emakumeen mundua, bakardadea, eta barne gatazkak lantzen dituzte, betiere euskarazko literaturan kokatuta. Zainetan ur garden (2004) eta Argiaren alaba (2022) bezalako lanek adierazten dute bere literatura konpromisoa eta euskal kultura eta hizkuntzarekiko maitasuna. Ondarroa herrian txertatua egon arren, Urkizak unibertsaltasuna bilatzen du bere hitzen bidez, eta literaturari sormen freskotasun handia dakar.