3. Geldialdia / KALANDI
SANTI MEABE
Gaur eguerdian gerrako pasarte bat kontatu didate. Ba omen zegoen Errepublika garaian sozialista bat herrian, Meabe esaten ziotena. Gizona txorien oso zalea zen eta txori kantariak hezitzen zituen. Hainbat eta hainbat txori kantari zituen.
Behin, gerra garaian, bonba batek etxea hondatu zuen eta txori guztiak hegan atera ziren. Ordurako Meabe alde egina zen herritik. Zerbait magikoa izan omen zen, leherketa gogor baten ondoren ehunka txori kantari kalean libre. Gertaera latz baten ondotik, beldurraren ondotik, suntsiduraren ondotik, une batean alaitasuna jabetu zen kale haietaz.
Txoriak Santi Meabe bilbotarrarerak ziren. Txori-hezitzaile finenetakoa zen. Bonbarekin txoriak berez askatu ziren baina, aurretik ere, 1935ean kartzelatik itzuli zenean, Meabek berak libre utzi zituen txoriok, kaiolak zabaldu eta “Aire, izan zeuek ere libre” esanda. Meaberen aburuz, kostaldean hezitako txoriak ziren onenak, itsasoaren kontra kantatzen ikasten zutelako.
Santi Meabe Tomas Meabe aitzindari sozialistaren anaia zen. Maitasunak ekarri zuen herrira. Salbadora Goitiarekin maitemindu eta harekin ezkondu zen. Arropa-denda bat zuten, elizpean.
Gerraostean Normandiara exiliatu zen.
Ez zen sekula itzuliko Ondarroara.
Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)
Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.