3. Geldialdia
Etxeko urak
“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan. Etxetik edan duela esateko, pertsona batek etxeko izaera dakarrela argi uzteko.
Gainezka dagoen urontzia
banintz bezala hautsi nintzen.
Eta ospitaleko gela urez betetzen
eta betetzen.
Eskafandra bat ekarri zidaten
bonbona eta aletak.
Urpean arnasa hartzen ikasi behar duzu.
Ezkata zahar batzuk nituen gordeta
umea neu nintzenekoak;
ez ahazteko
itsasoari beldurra kentzeko
bizkarrean kolpe leun batez
haitzetatik uretara bota ninduten hartaz.
Begiak zarratu nituen
orduko hartan legetxe.
Eta zabaltzean
ozeano berri batek
irentsia nindukan.
Nori ez zaio gorputza inarrosten
ura arnastean.
Egarri berri horrek
esnatzen nau orain gauero.
Itsasoz betetako edalontzia
ohe ondoan.
Etxeko urak
Leire Bilbao (Ondarroa, 1978)
Umetan deskubritu zuen hitzaren lilura, liburuei eta bertsolaritzari esker, eta ordudanik literatura genero ezberdinak landu ditu: poesia, narratiba, antzerkia zein kantuak. Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira eta hainbat sari jaso izan ditu.
Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira: ingelesez, italieraz, alemanez, katalanez, galegoz eta gazteleraz irakur daitezke, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria 2017an, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburuagatik, berriz ere, 2022an, Barruko hotsak lanarekin, eta Espainiako Literaturako Sari Nazionala 2025ean, Haur eta Gazte Literaturan, Klera lanarekin.
Literatura oro haurtzaroan datzala dio, itsas mundua bere baitan daraman begirada propio batekin. Eta berarentzat poesia haurtzarora itzultzea dela. Kresala arnasteko era bat.
“Arrainak, ezkatak, kalatxoriak, portua… aurkituko dituzu ibilbide literario honetan. Utzi urari bere bidea egin dezan eta berarekin eraman zaitzan. Poesia, ur tanta bat bezala, leku guztietan aurki baitaiteke.” – Leire Bilbao
Leire Bilbao
Leire Bilbao
Leire Bilbao
Leire Bilbao
Leire Bilbao
Leire Bilbao