3. Geldialdia
Sekula ez dut jakin
Sekula ez dut jakin nora bidali idatzi nizkizun gutunak
zein kode postal ipini
zein herriko zein kaletan imajinatu behar zaitudan
ez dakit nik deitzen zaitudan izen berarekin deituko zaituzten hangoek
edota etxean ahaztu zenituen begietako kolorea oroitzen duzun
ez dakit jadanik ezabatu ote zaizun nire besoen marka zure azalean
edota nitaz hitz egin dizuten ama eta aita berriek
sekula jakin ez dudanez nora igorri idatzi nizkizun gutunak
kortxodun botiletan gorde eta itsasoan uzten ditut
eta badakit itsasoak gutun mutuak baizik
ez dizkizula eroaten postontzira
errudun sentitzen delako ematen dizkie
hitzak arrainei jaten eta olagarroek baizik ez dakite
zenbat maite zaitudan
Gerra zibilean, franko garaian, ehunka haur lapurtu zituzten haien amen besoetatik. Haurdun atxilo zeuden emakumeek erditzen zutenean, hiru urtera arte eduki ahal zuten haurra haiekin, ondoren, batez ere heriotzera kondenatutako emakumeen haurrak, familia faxistei eskaintzen zizkieten adopzioan.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu