4. Geldialdia

KALANDI

Kutxik eta lagunek ez zuten dirurik izaten. Eta dirua lortzeko lan ezberdinak egiten zituzten: kaxak josi, arraina deskargatu… Noizbehinka, herriko apaizak ere egiteko batzuk ematen zizkieten.

Behin, etxez etxe abiatzeko eskatu zien, “kantatu ala errezatu?”, etxeetakoek zer nahiago zuten hura eskaintzeko. Eta horretarako etxe aberatsenak aukeratzen zituzten, hauek eskupekoa ematen zutelako.

Rotxilen etxera joan ziren Kutxi eta lagunak. Kutxiren etsairik handiena zen Rotxil, aberaskume bat. Eta Kutxiren lana izaten zen Rotxil nola engainatu, diruz ezin zuena, maltzurkeriaz irabazteko. Horregatik proposatzen zizkion asto lasterketak, ezpata-ezpatan aritzea edo pilota partidak egitea. Irabazteko. Beti irabazten zuen.

Maria Bixentak ireki zien atea, Rotxilen amak. Baina Kutxi eta lagunak ikusi zituenean, Maria Bixentak atea itxi zien muturren aurrean, piratengandik ez zuela ezer nahi esanez.

Kutxik, minduta, mendekua hartuko zuela agindu zuen.

Egun batean, pastel gehiegi jan eta Kaltxas, Diopil eta Kanikas kakalarriak harrapatu zituen. Beren eginbeharrak egitera zihoazela esan zutenean, Kutxik debekatu egin zien komunera joatea. “Geldik hor!”.

Kutxik, Maria Bixentaren etxera joatea agindu zien. “Goazen Kalandira!”. 

Eta heldu zirenean, Maria Bixentaren etxe sarrerako felpudo gainean kaka egiteko agindu zien. “Nola, baina? Hementxe! -agindu zuen Kutxik”.

Kakapirri muntoa felpudo gainean egin eta, ondoren, gainetik azukrea bota zioten.  Maria Bixentaren etxeko tirrina jo eta eskailera azpian ezkutatu ziren, zer gertatuko.

MENDEKU BILA

Atea Rotxilek ireki zuen.

  • Ama! Begira! –dei egin zuen Rotxilek, felpudo gaineko azukrea ikustean.
  • Ene! Arima onen batek azukrea oparitu digu! -atera zitzaion Maria Bixentari.
  • Batuko dut? –galdetu zion Rotxilek.
  • Ez, zuk alferrik galduko duzu-eta! –amak-. Neuk jasoko dut eta zuk ekarri ontzia!

Rotxil ontzi bila joan bitartean, Maria Bixentak ustezko azukretan sartu zituen eskuak eta garra-garra mugitu zituen behatzak… piraten obramentuen hezetasuna kanpora azaleratu zen arte.

  • Baina… zzzer da haaau?

Eskuak kakaz beteta erakutsi zizkion Maria Bixentak semeari. 

Kutxiren mendekua neurrikoa izan zen.

Ana Urkiza (Ondarroa, 1969)

Ana Urkiza euskal idazlea eta kazetaria da, eta bere lanek maiz lotzen dituzte genero eta gai ezberdinak, hala nola, poesia, saiakera eta haur literatura. Urkizak bere ahots propioa garatu du, adierazpen poetiko indartsua eta sentiberatasun handikoa. Bere lanek maiz emakumeen mundua, bakardadea, eta barne gatazkak lantzen dituzte, betiere euskarazko literaturan kokatuta. Zainetan ur garden (2004) eta Argiaren alaba (2022) bezalako lanek adierazten dute bere literatura konpromisoa eta euskal kultura eta hizkuntzarekiko maitasuna. Ondarroa herrian txertatua egon arren, Urkizak unibertsaltasuna bilatzen du bere hitzen bidez, eta literaturari sormen freskotasun handia dakar.

Ana Urkiza 

Ana Urkiza 

Ana Urkiza 

Ana Urkiza 

Ana Urkiza 

Ana Urkiza