4. Geldialdia

Umetako portua

1934an hasi ei ziren Juan Egidazuren eskutik orain ezagutzen dugun portuaren lanak. Den denok izan gara ume portuan. Gure oroitzapenak itsasoan igeri dabiltza.

UMETAKO PORTUA

Amaren eskutik joaten ginen portura,

hilabeteetan izan ez genuen aitaren bila.

Garrasi egiten zigun kaiak,

egurrezko kaxek langileen eskuetan nola,

fenwickek eta izotz makinak ere garrasi.

Itsasoari eutsi nahi zioten atzamarrak ziren noraiak,

beti zabalik dagoen ate bat zen moila.

Arrain buruak lurrean, kalatxorien ahoan.

Ahizpa gaztea aitaren hanketan.

Ni hor nonbait geratzen nintzen

ezkatak biltzen, gasoil usaina dastatzen.

Traba egiten nuen:

portuko nasan, autoan etxeranzkoan,

beti erdian izkinei beldur.

Arrainak bezala betazalik gabe ni.

Aitaren bila joateari utzi genion halako batean

umeen orduak ez direlako itsasoarenak,

lotan geundela zabaltzen zelako etxeko atea,

bera gabe bizitzera ohitu ginelako.

Scanner liburutik

Leire Bilbao (Ondarroa, 1978)

Umetan deskubritu zuen hitzaren lilura, liburuei eta bertsolaritzari esker, eta ordudanik literatura genero ezberdinak landu ditu: poesia, narratiba, antzerkia zein kantuak. Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira eta hainbat sari jaso izan ditu.

Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira: ingelesez, italieraz, alemanez, katalanez, galegoz eta gazteleraz irakur daitezke, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria 2017an, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburuagatik, berriz ere, 2022an, Barruko hotsak lanarekin, eta Espainiako Literaturako Sari Nazionala 2025ean, Haur eta Gazte Literaturan, Klera lanarekin.

Literatura oro haurtzaroan datzala dio, itsas mundua bere baitan daraman begirada propio batekin. Eta berarentzat poesia haurtzarora itzultzea dela. Kresala arnasteko era bat.

Arrainak, ezkatak, kalatxoriak, portua… aurkituko dituzu ibilbide literario honetan. Utzi urari bere bidea egin dezan eta berarekin eraman zaitzan. Poesia, ur tanta bat bezala, leku guztietan aurki baitaiteke.” – Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao