4. Geldialdia
Oroitzen zaitudanean
Oroitzen zaitudanean
gure bihurguneetan etzaten naiz
eta zure usaina dauka lurrak
eta lurra besarkatzen dut
zu oroitzen zaitudanean
Askotan, erditu eta berehala esaten zieten gezurra preso zeuden emakumeei: haurra hilda jaio da.
Eta gezurrezko hobiratzeak burutzen zituzten kartzelan jaiotako haurra beste guraso batzuen esku uzteko, eta izen- abizenak aldatzen zizkieten, inork, inoiz ez erreklamatzeko.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu