5. Geldialdia / GOIKO-KALEAN

AZKUE ETA AGIRRE

Ibiltzea zuen gustuko Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariak, Lekeitiotik Ondarroara oinez joatea esate baterako, oinez eta mendiz. Ondarroara Antiguako ermitan behera datorren bidetik sartzen zen. Hantxe bertan zuen jaiotetxea Txomin Agirre idazle lagunak, Goiko Kalean hain zuzen ere, herriko kalerik aldapatsuenean. 

Azkuek eta Agirrek ondo ezagutzen zuten elkar. Bata hizkuntzalaria zen eta bestea nobelagilea, eta gaztetatik zuten harremana, Gasteizko seminarioan ikaskide izan baitziren. 

Kontatzen dute, lagun minak izanik ere, Agirrek Azkue ez zuela inoiz etxe barrura sartzera gonbidatzen. lagunak txistua jo orduko ateratzen zen atarira Agirre, eta hantxe egiten zuten berba luzaroan, etxeko atarian eserita. 

Nonbait, lotsatu egiten zen Agirre bere gurasoen etxe txiroa Azkueri erakusten, burla egingo ziolakoan. Azkue familia onekoa zen eta Agirreren aita arotza zen. Hankaz gora izango zuten etxea eta hori hobe ez erakustea. 

Bien arteko gutunetan gauza bitxiak ageri dira. Adibidez, arestian aipatu bezala, Azkue gizon metodikoa zen eta kartaz leporatzen dio Agirreri lan gutxi egiten duela, ez duela nahikoa idazten. 

Agirreren erantzuna garbia izaten da. Zumaiako komentuan zegoela abade, eta orduak eta orduak igarotzen zituela mojen aitorpenak entzuten. Eta horren ostean gogo gutxi geratzen zitzaiola idazteko. 

Nahiago izaten zuela baratzeko arrosei kasu egin koartillen aurrean idazten jarri baino. Horixe baitzuen Agirrek idazketaren ondotik bigarren zaletasuna, arrosak aldatzea. Arrosekin hartzen zuen benetan atseden, arrosekin mundua geratu egiten zen une batez, eta uxatu egiten zituen pentsamendu gaiztoak burutik. 

Idaztea, Agirrerentzat, arrosak zaintzea bezain lan geldo eta arretatsua zen.

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)

Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe