5. Geldialdia
Egunean bitan
Egunean bitan itotzen ginen
marea gorekin batera
marea beheretan
desagertutako haurrak bilatzen genituen
maskor abandonatuak baizik ez genituen aurkitzen
gure haurren izenak idazten genituen hondarrean
azkar ezabatzen zituen olatuak
eta zirudien gure memoria ere hustu nahi zutela olatuek
harean idatzitako gure haurren izenekin batera.
Zatika jaso dugu memoria, poemaz poema, isilunez isilune, panpina zatituak bezala, mutilatutako oroitzak bailiran.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu