6. Geldialdia / ANTIGUAN

VOJTECH

Vojtech Jasny zinegilea gure artean ibili da udan. Donostiako Zinemaldiko sari nagusia eman zioten 1976an eta berriz ikusi nahi zituen gaztetan ibilitako bazterrok. Ekaineko egun batean, euskal kostaldea ezagutu nahi zuela-eta, Ondarroa erakutsi genion, beste herri batzuen artean. Ondarroan, han goian dagoen Antiguako ermitara joan ginen, ederra baita parajea eta handik goitik argi ikusten baita euskal kostaldearen zati handi bat, Bizkaia, Gipuzkoa eta lapurdi, denak batera. 

Ermitara iritsi eta harekin lotutako istorio eta uste zaharrak kontatu nizkion, txikitan neuri aitona-amonek kontatzen zizkidatenak. Tartean Nazarenoaren dohainei buruz aritu nintzaion. Nola ermitako bazter batean dagoen irudiari eskuarekin musu eman eta burua argitu egiten dizun. Nola uxatzen dituen gogotik uste txarrak eta irudimena piztu. 

Eta olgeta-benetan esan nion ni neu ere sarritan etorri naizela hari laguntza eskatzera, batez ere, liburu berri bati ekin eta ideiarik gabe nagoenean. Eta horrela, garai bateko usadio zaharrei jarraituz, eskuarekin musu eman genion biok irudiari. 

Ermitatik atera eta kanpandorrera igo ginen. Ikuspegia zoragarria zen. Handik goitik, berta-bertatik ikusten baitira Donostia eta Biarritz, eta baita Larrun bera ere eguraldi ona bada. 

Baina Vojtech ez zen paisaiari begira geratu. Han beheko larre batean jolasean zebiltzan haurrei begira geratu zen. Segituan bere kamera zaharra hartu eta grabatzen hasi zen. Jolasean zebiltzan haurrak bi neskatila ziren. Beltza bata eta zuria bestea. Bi-biak herriko alabak. Tximeletak harrapatzen ari ziren, izara batekin. Izararekin salto egin eta lurrera erortzen ziren. Gero, izara barrura begiratzen zuten, ea tximeleta han barruan geratu zen. 

Haurrek ez dute tximeletarik harrapatu eta, gogaiturik, etxerantz joatea erabaki dute. Vojtechek grabatzeari utzi eta eskerrak eman dizkie haurrei handik goitik. Gure azpitik igaro dira haurrak. Euskaraz ari ziren. 

Vojtechek ezin zuen sinetsi. “Eszena hau zoragarria da!” esan zidan begiak zabal-zabalik. “Munduko diru guztia izanda ere ezingo nuke hau errodatu, horren naturala. Fikzioa fikzioa da eta beste gauza bat da bizitza bera” esan zuen, kamerarekin grabatzen jarraitu baino lehen. 

Nigana hurreratu eta “It works!” esan zidan ingelesez. Hasieran ez nion ulertu. Nazaretekoari buruz ari zen, funtzionatzen duela haren dohainak, berari efektua egin ziola. Irudiari eskuarekin musu eman eta handik gutxira miraria gertatu zela. 

Inoiz grabatu duen eszenarik politena izan dela hura. “It works!” 

Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970)

Kirmen Uribe euskal idazle garaikide garrantzitsuenetakoa da, bere lanek euskarazko literatura nazioarteko mapan kokatu dute. Eleberriak, olerkiak eta saiakerak idatzi ditu, eta bere estiloa freskoa, hunkigarria eta unibertsala da. Uriberen lehen eleberria, Bilbao-New York-Bilbao (2008), arrakasta handia izan zuen, eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen. Bere literaturak familia, maitasuna, memoria eta identitatearen inguruko hausnarketak eskaintzen ditu, beti itsasoaren eta bere herriaren ikuspegitik. Nazioartean ere ezaguna, Uribek New Yorken bizi izan du denbora luzez, baina bere lanetan beti mantendu du Ondarroako itsasoaren oihartzuna.

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe 

Kirmen Uribe