6. Geldialdia

Olatuak zenbatzen

Marinel zaharra baporetik ari da

larre urdinean

sartu irtenean dabiltzan

itsas-ardiak zenbatzen.

Piztipoemak

Itsaso oso bat

Desagertutako itsaso bat dago

balearen sabelean

desagertutako itsaso oso bat

XVI. mendeko galeoi baten urrezko txanponak

alga eta koralez estaliak

kalatxori erraria

piratari ihes egindako loroa

marinelek amestutako itsasneska

itsasneskak sarean katigatutako marinela

Nautilus-aren erreplika bat eta Nemo kapitaina

Pinnocchio eta Geppetorekin batera mahai bueltan eserita

Jonas, Ismael eta Ahab kapitainarekin karta jokoan

hankapalo heze bat eta kataloxa uherra apustuan

emakume saregileen kantuen oihartzuna

H. Melville, Stevenson eta J. Swiften arima

desagertuak denak

balearen sabelean

desagertutako itsaso batean.

Piztipoemak

Leire Bilbao (Ondarroa, 1978)

Umetan deskubritu zuen hitzaren lilura, liburuei eta bertsolaritzari esker, eta ordudanik literatura genero ezberdinak landu ditu: poesia, narratiba, antzerkia zein kantuak. Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira eta hainbat sari jaso izan ditu.

Bere lanak hizkuntza askotara itzuli dira: ingelesez, italieraz, alemanez, katalanez, galegoz eta gazteleraz irakur daitezke, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria 2017an, Xomorropoemak eta beste piztia batzuk liburuagatik, berriz ere, 2022an, Barruko hotsak lanarekin, eta Espainiako Literaturako Sari Nazionala 2025ean, Haur eta Gazte Literaturan, Klera lanarekin.

Literatura oro haurtzaroan datzala dio, itsas mundua bere baitan daraman begirada propio batekin. Eta berarentzat poesia haurtzarora itzultzea dela. Kresala arnasteko era bat.

Arrainak, ezkatak, kalatxoriak, portua… aurkituko dituzu ibilbide literario honetan. Utzi urari bere bidea egin dezan eta berarekin eraman zaitzan. Poesia, ur tanta bat bezala, leku guztietan aurki baitaiteke.” – Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao

Leire Bilbao