6. Geldialdia
Zapata gorri solteak
Hondartzetara biltzen naiz neguetan
orduan iritsi ohi dira kostaldera
zumez egindako eskuko maleta hutsak eta soineko berriak
zegokien gorpuetatik ihesi
neguetan zure zatiren baten bila hurbiltzen naiz hondartzetara
enbor bustiren bati helduta aurkituko zaitudalakoan,
putz egin eta harea kenduko nizuke aurpegitik
iletik arrainak eta marmokak
eta begiak itzuliko nizkizuke dagokien lekura
baina zapata gorri solteak baizik ez ditu bueltatzen itxasoak
eta bat ere ez da zure oinaren neurrikoa.
Post data:
eguzkia irten da,
Saturrarango hondartzara hurbilduko naiz bainu hartzera, hau irakurtzen baduzu, zatoz,
zure zain egongo naiz.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu