7. Geldialdia

Oroitzen dugun hori gara

Oroitzen dugun hori gara
ez galdetu, beraz,
zer gertatu zen gela heze eta ilun hartan
ez galdetu
zergatik ez zintudan nire besoetan tinkoago eutsi
ez galdetu
zergatik ez nintzen heriotzeraino oldartu
nigandik banandu zintuenaren kontra
ez galdetu
zenbat alditan ito naizen zure malkoetan
horren ordez
zabaldu leihoa eta begiratu zein bare dagoen itsasoa
eta ez ahaztu
oroitzen dugun hori garela

Gure etxeetako bazkalorduetan, afalorduetan, ez da asko hitz egin gertatu zenaz. Eta hitz egiten ez dena, adierazten ez dena, ez da existitzen. Eta demagun, irakurri eta entzun dituzun idazkiak izan daitezkeela, behinola, Saturrarango kartzelan idatzitakoak, hizkiz hizki eta minez min. Demagun, haur txikia estaltzeko baliatzen zuen izaran josi zituela poemak gatibu zegoen amak, arkatzez eta beldurrez. Eta demagun, poemen epeletan bilduta lo egiten zuen haurrari irakurri eta kantatzen ari garela, behinola, haren amak izara zurian idatzitako poemak. Eta demagun Saturraran, itsasoa baizik ez dela, eta olatuak, txikienak, isilenak, poema txiki hauetan bildu ditugula falta direnekin batera bainu hartzeko.

Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)

Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.

Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.

Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.

“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu

Mikel Etxaburu 

Mikel Etxaburu 

Mikel Etxaburu 

Mikel Etxaburu 

Mikel Etxaburu 

Mikel Etxaburu