1. Geldialdia
Turruna
Behin jo du turrunak
arrantzaleek hegaluzea dakarte etxera
bi aldiz jo du turrunak
arrantzaleek berdela dakarte portura
hiru aldiz jarraian jo du turrunak
antxoa afalduko dugu
lau aldiz jo du turrunak
arrantzaleen hondakinak iritsi dira kostaldera
azkar
lapek azal berriak erreibindikatu aurretik
jaso nork bere hondakinak.
Turruna entzutean, lehorrekoa denak ez du ulertuko zer pasatzen den, baina gure herrian badakigu barkua portura sartu dela, eta arraina deskargatzen hasiko direla laster. Turrun edo sirena hots bat bada, atunarekin datoz arrantzaleak. Bitan jotzen badute, txitxarroa edo berdela dator, eta hiru turrun hotsekin, antxoa sartuko da. Gehiago joz gero, sua edo ezbeharren bat gertatu da… oraingoan, arrantzaleen hondakinak iritsi dira kostaldera, eta sarri jo dute turruna, 4-5-10-20 aldiz, kasik gor geratu garen arte, abisu emateko, iritsi direla kostaldera arrantzaleen hondakinak eta joateko, azkar, haien bila, lapek haien azala haitz bihurtu aurretik.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu