2. Geldialdia
Galdutako gauzen
Galdutako gauzen bulegora sartu naiz zutaz galdetzera
paretean
bulegariak inprimakia betetzeko eskatu dit izen-abizenak
noiz izan zen ikusi zintudan azken aldia
zer zeneraman soinean desagertu zinen gauen ea ordutik hona zure barririk izan dudan
ez dudala gogoratzen erantzun diot oroitzen duzunean, zatoz,
gorde du inprimakia bulegariak ilarako hurrengoari hots egin dio baina hark ere ez du ezer gogoratuko
1938. urtea. Orain udatiarrek autokarabanak aparkatzen dituzten tokian, lehen, Saturrarango emakume kartzela zegoen “para mujeres extremadamente rebeldes y peligrosas”. Han ziren gatibu ama zirenak, emakume zaharrak, gazteak eta nerabeak.
Guztira 4.000tik gora emakume.
Haietatik 116 hil ziren bertan eta 56 haur zein gazte zatitu, desegin zituzten… 116 emakume eta 56 haur zein gazte.
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969)
Poesiaren bidez mundua ulertu eta azaltzeko hautua egin zuen aspaldi. Inguratzen gaituenarekiko kontzientzia sakona ereitea da haren poemen ardatz. Bizitzea suertatu zaion gizartearekiko begirada kritikoa sustatu eta idazlearen barne mundu konplexua konektatzen ditu.
Gaztetatik egin zuen poesia lantzeko hautua, konturatu gabe, berezko emari bat bezala. Ordutik, haren begirada poetikoak bizi-ibilbide bat eskaintzen digu; inguratzen gaituena ulertzeko era bat, ahots poetiko bat kontzientzia kolektiboaren oihartzun bilakatu nahi dena.
Saturrarango emakume kartzelan gatibu izan zituzten 4.000tik gora emakumeen memoria aldarrikatu du. Han hil ziren emakume zein haiei ohostutako haurrei gorazarre egin die kantu eta poema bidez. Ibilbide xamur eta sentiberaren bidez aurkezten dizkigu urrun sentitzera behartu gaituzten minak.
“Irakurriko dituzun hitzak biluzik daude, agian, zuk jantziko dituzu, eta entzun nahi baduzu, kontatuko dizut orain arte isildutakoa.” – Mikel Etxaburu