Ondarroako portu eremuak herrian hartzen duen eremua oso handia da. Portuaz beraz gain, beste hainbat espazio daude herrian non Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzarena den eskumena. Hitzarmen honi esker, portuko jabari publikoaren barruko zenbait gune kudeatu eta ustiatzeko eta trafikoa kudeatzeko eskumenak jasoko ditu Ondarroako Udalak. Otsailaren 27an (eguena) sinatu zuten hitzarmena Irina Alkorta jarduneko alkateak eta Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien zuzendariak.
Portuaren eremua Zubi Zaharreraino iristen da, eta orain ere eremu guzti horrek Jaurlaritzarena izaten jarraituko du, baina sinadura hau tarteko, kudeaketa udalaren esku geratuko da. “Hitzarmen historikoa da, herriak behar zuena. Ondarroako herria, den bezalakoa denez, jabetza askoren menpe dago, eta guretzat oso garrantzitsua da horien kudeaketa herriratzea”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak.
Hitzarmenak bost urteko iraupena dauka eta bosna urteko beste bi luzapen egiteko aukera ematen du.
Hitzarmen honi esker, Txori Errekako biribilgunetik portuko biribilgunerainoko tarteko trafikoa kudeatzeko eskuma udalarena izango da. Horrez gain, orain arte Portu Zuzendaritzatik kudeatzen ziren hainbat espazio ere udalaren esku geratuko dira: Antiguako Ama kalea, Itsasaurre plaza eta bertako aparkalekua, Alameda, Kafeatzea, Nasa Kaleko espaloia eta Astilleru.
Ondarroako Udalak, beraz, herriguneko 35.545,26 metro karratu jasoko ditu emakidan Portu Zuzendaritzarengandik, 30.469,60 metro karratu eremuen kudeaketari eta ustiapenari dagozkionak eta 5.075,66 metro karratu trafikoaren kudeaketari dagozkionak.
Zer suposatzen dio herriari hitzarmen honek?
Herriko kultur edo aisialdi jarduera gehienak (Andra Mari jaiak, Galiza Etxearen jaiak, Merkatu Txikia, estropadetako fan-zone, liburu azoka, Antxoa Egune, triatloi herrikoia, kontzertuak, ikuskizunak, Naberan Krosa, Ondarru-Lekitto lasterketa, puzgarriak, dantza saioak…) orain arte Portu Zuzendaritzak kudeatzen zituen eremuetan egiten ziren: Itsasaurren, Alamedan, Kafeatzen… Horrek suposatzen zuen herriko talderen batek zerbait eskaini nahi zuen bakoitzean udalak baimen eskaera berezia egin behar izaten zuela, eta dagozkion tasak ordaindu. Hitzarmen honi esker udalak zuzenean kudeatuko ditu eremu hauek eta ez du tasarik ordaindu beharko ezta lan burokratikorik egin beharko ere, dirua eta denbora aurreztuz. Iaz, esaterako, 40 gauza desberdinetarako egin behar izan zituen udalak dagozkion izapide guztiak Portu Zuzendaritzarekin, tartean, aurrerago aipatutako ekintzak behar modura gauzatu ahal izateko.

Morez, jabari publikoa okupatzeko emakida. Berdez, ostera, trafiko eskumenaren emakida.