Telesforo Urresti Egurrolak lagatako akzioak direla eta, 1999ko uztailaren 29an izandako osoko bilkuran onartu zuen Ondarroako Udalak akzio hauek bereganatzea:
- BBVA: 162.486 akzio.
- ENDESA: 2.800 akzio.
- BRUNARA SICAV: 392 akzio.
- TELEFONICA: 1.103 akzio.
- ATRESMEDIA CORPORACIÓN: 12 akzio.
- IBERDROLA: 9.6852 akzio.
2025ko maiatzaren 23ko txostenean akzioen balioa 4.111.697,10 eurokoa zela azpimarratu zuen udal kontuhartzaileak. Akzioak jaso zirenean, 1999an, 2.559.876,02 eurokoa zen horien balioa. Azken urteetan bilakaera ezberdina izan duten arren, bataz bestekoa 1.265.598,64 eurokoa izan da. Kontuan hartu behar da 2015, 2016 eta 2017 urteetan akzioen balioa soilik 157.121,14 eurokoa izatera ere iritsi zela.
Azken hamarkadako balio gorenean daude Telesforo Urresti Egurrolak Ondarroako Udalari lagatako akzioak, aholkulari eta ekonomilariekin kontraste desberdinak eginda, Udal Gobernuak, akzioak saltzea erabaki du. Horri esker, lau milioi euro pasatxo jasoko ditu Udalak akzio horiek saltzearen truke (4.111.697,10 euroko balioa zeukaten maiatzaren 23an).
“Aholkulari fiskalekin eta akzioetan adituak diren ekonomilariekin hainbat batzar egin ditugu, bilakaera ikusi eta saltzea komenigarria noiz den jakiteko. Unea iritsi da eta egokiena da. Asmo, inbertsio eta proiektu asko dauzkagu buruan herria aurrera begira ipintzeko, herri batzarrean aipatu bezala, eta horietara bideratuko dugu dirua”, esan du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak.
Akzioek gorabehera asko izan dituzte azken hamarkadan, akzioak edukitzea ke bihurtu daiteke edozein momentuan, are gehiago mundu mailan bizi dugun egoerarekin. Telesforo Urrestik akzioak laga zituenean udalbatzak aho batez onartu zuen horiek eskuratzea. Udalak konpromiso hau hartu zuen: “konpromezua hartzen da berak lagatako ondasunak ondarrutar guztien bizi kalitatea hobetzen lagundu dezaketen ekimenetan erabiltzeko”. Horien adibide dira anexuko aparkalekua, auditorioaren proiektuaren berrazterketa, Zeledonio berregiteko plana eta erabilera anitzetarako frontoi estalia egiteko proiektuak idaztea.
Herriaren mesedetan laga zituen eta horretarako erabiliko ditugu.