Skip to main content

Hainbat egoera gatazkatsu suertatu dira azke urteetan espazio publikoko terrazak direla eta. Herritar askoren kexa eta kezkei erreparatuta, prozesu bat abiatzea erabaki zuen Ondarroako Udalak. Prozesu partehartzaile bat bideratu zen, zeinetan, hiru erpinei helduta egin zen lanketa: tabernariak, herritarrak/auzokideak eta eragile sozio- kultural-aniztasun arloetakoak… Guztia bideratzeko bitartekaritza enpresa profesional bat kontratatu zuen udalak, Argi Begi.

Ugari ziren herritarrek agertutako kexak: besteak beste, zarata, irisgarritasun eza, zikinkeria, okupazio handiegia, ekintza kulturalak oztopatzea eta deskantsua kaltetzea. Hortaz, elkarbizitza osasuntsua helburu izanda abian jarri zen udala. Batzuek zein besteek, elkarrekiko errespetuan jarri zuten azpimarra; beraz, udalaren asmoa da guztion eskubideak errespetatuko duen ordenantza bat egitea, aisia, mugikortasuna, deskantsua eta lana orekan jarrita.

Behin behineko ordenantzari alegazioak ipintzeko 30 laneguneko epea dago. Alegazioak, horretarako prestatutako orri berezian aurkeztu behar dira.

Ordenantza lantzeko prozesua oso lan konplexua izan da beharrezkoa zelako alderdi bakoitzak duen ikuspegia kontuan hartzea eta, aldi berean, legeak dioenari jarraitzea. Izan ere, oso errealitate desberdinak batzen dira herritarren artean eta guzti horiek kontuan hartu dira; elkarbizitza helburu egin dugu ordenantza hau. Zehapen araubide bat ezartzea ere horren adierazgarri izan da; hain zuzen ere, konpromiso hori eskatu zaiolako udalari prozesu honetan. Beraz, zehapen bidea baliatuko da, beti ere proportzionaltasun irizpidea kontuan izanik, hasieratik guztiek jakin dezaten arau hausteen mailakatzea zein den eta zer dakarren.

Prozesu luzea izan da, eta orain, behin-behineko ordenantza hirigintza batzordetik pasa eta udalbatzak onartu ostean, alegazioak egiteko aukera zabalik dago. Alegazio horiek jaso, aztertu eta onartu edo ez erabakiko da behin betiko bertsioa udalbatzara eraman eta onartu baino lehen.

IKUSI HEMEN AZKEN EGUNETAN ARGITARATUTAKO DOKUMENTUAK: