Terrazen ordenantzaren behin behineko onarpena argitaratu da gaur (ekainak 2) Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Testu berri honetan dagoeneko txertatuta daude azken fasean herritarrek aurkeztutako alegazioetatik onartutzat eman direnak. “Zehaztutako epe barruan hainbat alegazio aurkeztu ziren eta, behin horiek aztertuta, 2025eko maiatzaren 29an egindako osoko bilkuran horietako batzuk onartu ziren, dagozkion zuzenketak txertatuz jatorrizko testuan. Zehazki aldatu dira ordenantzaren 7, 16, 19, 20 artikuluak eta lehen xedapen iragankorra”, azaldu du Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak.
11 herritarrek eta eragile batek ipini dizkiote alegazioak ordenantzari. Horietako batzuk onartu dira.
Beraz, behin behineko onarpena egin da, eta 15 egun naturaleko epean (ekainaren 17rarte) jendaurrean jarriko da testua aldaketekin. Epe horretan, jatorrizko testuari egindako aldaketen inguruko alegazioak aurkeztu ahal izango dute interesdunek; ez testu osoari. Alegazioak aurkeztu ezean testua behin betiko onartuko da.
Ondarroako udalak 2025eko otsailaren 27an egindako ohiko bilkuran hasierako onarpena eman dio Ostalaritzako jarduera gauzatzean, Ondarroa udalerriko jabari publikoko espazioetan, edo erabilera publikoko espazio pribatuetan, erabilera pribatiboa (terrazak) arautzeko udal ordenantzari.
[IRAKURRI HEMEN BAOko ARGITALPENA]
[IRAKURRI HEMEN BEHIN BEHINEKO ORDENANTZA]
Ordenantzaren puntu garrantzitsu batzuk:
- Terrazako mahaiak zein bestelako elementuak ezartzerakoan bermatuko da beti aniztasun funtzionala dutenek inolako trabarik gabe erabili egin ahal izango dituztela.
- Arau orokor gisa, ez da baimenduko establezimenduaren kanpoaldean pilatzea altzariak, terrazako elementuak eta edari-kutxak edo -upelak. Era berean, terraza-lizentziarekin zuzenean lotutako elementuek eraikin baten barruan egon beharko dute jasota baimendutako ordutegia amaitzean. Salbuespen gisa, organo eskudunak terrazaren titularrari baimena eman ahal izango dio lizentzian ezarritako mahai eta aulkiak espazio publikoan pilatzeko. Horiek guztiak establezimenduaren kanpoaldean egon beharko dira, udalak esleitutako lekuan eta kateatuta.
- Arau orokor gisa, ez da onartuko terrazako espazio edo instalazioetan soinua edo ikus-entzunezkoak erreproduzitzeko edo anplifikatzeko ekipoak instalatzea, telebistarik, ez eta zuzeneko emanaldiak egitea ere. Salbuespen gisa, organo eskudunak zuzeneko musika-emanaldiak eta musika-erreproduzitzaileak baimendu ahal izango ditu Zapato Azulean eta ordutegia luzatzeko dekretuan jasotako egunetan, gehienez ere, 3 emanaldi urtean lizentziako eta, beti ere, 23:00etararte. Nolanahi ere, hirurehun metroko erradioan dauden ostalaritza-establezimenduei baimen bakarra emango zaie, eta udalerriko zarata mapan ezarri daitezkeen neurri zuzentzaileak egokituko zaizkie.
- Instalazioaren titularrak garbi izan beharko ditu baimendutako okupazioa eragin duen espazioa eta ostalaritzaren eraginpean dauden espazio erantsiak.
- Lizentzien titularrek nahitaez kendu beharko dituzte terrazaren osagai guztiak interes orokorreko egintzak edo ekintzak burutu ahal izateko.
- Udal-langileek jabari publikoko espazioan edo erabilera publikoko espazio pribatuan markatuko dituzte lizentziak ezarritako eremuen mugak, eta terrazako elementuek ezin izango dute, inola ere, azalera hori gainditu., hau da, ezingo da terrazarik muntatzen hasi 08:00ak baino lehen.
- Ez da lizentzia berririk emango egitura egonkorrak jartzeko.
- Terrazaren elementu higigarriak ezin izango dira jabari publiko edo pribatuan jarri baimendutako jarduera hasteko ordurarte.
- Arau orokor gisa, ez da terrazak jartzeko baimenik emango espazio hauetan: espaloietan, oinezkoen pasabideen aurrean, monumentu edo estatuen ondoan, larrialdi-irteeren aurrean, etxebizitzetako eta merkataritza-lokaletako irteeren aurrean, konkurrentzia publikoko lokaletako larrialdi-irteeren aurrean, mugikortasun murriztua duten pertsonen eta oinezkoen mugikortasuna oztopatuko duten tokietan.