Iazko Andra Mari jaietako txosnagunean gertatutakoaren harira, azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte Ondarroako Udalak eta Onoren Txosna Batzordeak (GKS, Mamarratxosni eta Ernai eragileek osatua), eta lanketa horri esker hitzarmena sinatu dute, Andra Mari jaietarako konpromisoak barnebiltzen dituena. Udalaren eta txosna batzordearen helburua da bizikidetza oinarri izango duten jai herrikoiak bultzatzea.
Udalaren ustez, txosna batzordeak konpromiso hauek hartzea ezinbestekoa zen aurtengo jaien prestaketa lanetan aurrera egiteko.
Iazko gertaeren ostean Udalak argitaratutako adierazpen instituzionalean esan modura, gertatutakoa oso larria izan zen eta neurri zuzentzaileak hartu dira. Onoreneko ordezkariei jakinarazi zaie aurreko urteetan Udalak bere gain hartzen zuen txosnaguneko soinu teknikariari zegokion ordainketa aurten ez duela Udalak egingo, iazko gertakariak direla eta.
Ondarroako Udalak bai txosna batzordearekin bai herriko beste eragileekin jai herrikoi eta partehartzaileak antolatzeko lanean jarraituko du.



