Ondarroako Udalak leihatila bakarreko zerbitzua eskainiko du hemendik aurrera, hau da, toki bakarra egongo da herritarrei arreta emateko, Alameda aurreko bulegoetan, Udal Erregistro Orokorra dagoen tokian. Herritarren Arreta Zerbitzua du izena eta HAZ moduan ezagutzen da. Horrela, herritarrek erreferentzia puntu bakarra izango dute udaleko sailekin hartu-emanetan jartzeko, edozein gairi buruzko informazioa jasotzeko edo beharrezko eskakizunak bideratzeko; bertatik bideratuko dira, besteak beste, hirigintzako kontsultak, baimenak, herritarren kexak eta informazio eskaerak.
– ZER DA HAZ?
Leihatila bakarra da; toki bakar bat, eta nahikoa izango da bertara joatea, herritar moduan udalarekin egin beharreko tramite guztiak bideratzeko. Hemendik aurrera, herritarrek ez dute zertan sail desberdinetan ibili beharko informazio bila edo tramiteak egiten; dena Alameda aurreko bulegoan egingo da. Salbuespenak:
- Kiroldegiko abonamenduan altak eta ikastaroetako izen emateak kiroldegian egingo dira. Bajak, ostera, bai, Alamedako bulegoan egin beharko dira.
- Musika eskolako, Liburutegiko eta Emakumeentzako Jabekuntza eskolako izen emateak zentroetan bertan egingo dira.
- Gizarte zerbitzuetako tramiteak gizarte zerbitzuetako bulegoan egingo dira.
– ZERTARAKO BALIO DU HERRITARREN ARRETA ZERBITZUAK?
Herritarrei erraztasuna emango die tramiteak egiteko, denbora murrizteko eta epeak mozteko; funtsean, efizientzia lortzeko. Gainera, Administrazio publikoan sarritan gertatzen diren bikoizketak saihestea ere badu helburu.
Esate baterako, aktibitate bat edo hirigintzako beste kontu bat egiteko baimen eskaera ere Alameda aurreko bulegotik bideratuko dira.
Hortaz, toki bakarra egongo da orain, eta, horri esker, herritarra egongo da jarduera administratiboaren eta politikoaren erdigunean bere beharrak betetzeko. Horrekin lotuta, www.ondarroa.eus webgunea ere egokitzen ari da apurka-apurka Udala eta tramite batzuk webgunetik egiteko aukera martxan dago.
Hauek dira leihatila bakarrean (HAZ) eskainiko diren zerbitzu batzuk:
Alamedako bulegoak astelehenetik barikura egongo dira zabalik, 09:00etatik 14:00etara, orain arte modura. Telefonoa: 946833672

Alamedako bulegoetan eskainiko da Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ)



