Ondarroako Udalak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak abian jarritako Herri Ekimen Legegilea (HEL) izenpetzeko sinadura bilketa babestuko du, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak ipiniz. 10/2016 Legeak dio udalei dagokiela HEL bat dagoenean laguntza prozedurak aktibatzea eta horrela egingo dugu Ondarroan, Alamedako Pentsionisten eskariz.
Pentsiodunen gutxieneko diru sarrerak SMIaren parekoak izatea da legearen xedea.
Pentsioak osatzeko euskal sistemaren bidez, gutxieneko pentsioak SMIaren parekoak izatea lortu nahi dute —1.184 eurokoak, hamalau ordainketatan banatuta—, baita gutxieneko soldatetan dagoen genero arrakala murriztea ere. Argi dute Eusko Jaurlaritzak badituela lege hori onartzeko eskumena eta baliabideak.
Udalaren eginbeharra da orain ekimen legegile honen inguruko informazioa ematea eta zabaltzea eta berau gauzatzeko bitartekoak ipintzea. Horregatik, Udal Erregistro Orokorrean egongo da sinadurak batzeko orria eta udal idazkariaren ardura izango da gero herrian batutako sinadura guztiak egikaritzea.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak apirilaren 24rarte egongo dira sinadurak batzen. Araba, Bizkaia edo Gipuzkoan erroldatutako 18 urte edo gehiagoko edonork sinatu dezake. Ondarroan egun eta ordu hauetan egongo da sinatzeko aukera:
- Astelehenetan, 12:00etatik 13:00era Alamedan.
- Barikuetan, 19:00etatik 20:30era Kalekutzeko eskaileretan.
- Domeketan, Alamedan, 12:00etatik 13:30era.
- Egunero, 09:00etatik 14:00etara Udal Erregistro Orokorrean (Alemadako bulegoetan).

Alamedako pentsionistak.
- Informazioa osatzeko: BERRIA egunkaria