Ondarroako Udalak urrezko Bikain ziurtagiria lortu du, Eusko Jaurlaritzak ematen duen gorengo Euskararen Kalitate Ziurtagiria hain zuzen. Abenduaren 16an jasoko du aitortza Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak, Gasteizko Europa Jauregian egingo den ekitaldian. Ziurtagiri hau lortzeko lana, baina, ez da soilik izan berau lortzeko helburuarekin, baizik eta hobetu beharreko puntuak zein diren jakiteko ere bai.
1000 puntutatik 950 lortu ditu Ondarroako Udalak, hau da, ia guztiak, baina hala ere badago zer hobetu, eta hortan jarri nahi du fokua alkateak: “oinarri sendoa daukagula bistakoa da, baina badago zer hobetu”. Alkateak udal langileen lana azpimarratu nahi izan du helburu hauek lortzeko eta finkatzeko bidean. “Garrantzitsua da udaletxean egunero dihardugun ordezkari politiko zein langileek konpromisoak hartzea eta esaten duguna egitea, hau da, euskaraz aritzea eta bizitzea”. “Gainera – azpimarratu du- gure aurretik egon diren ordezkari zein langileen lan onaren ondorioa ere bada, hau bide luzea delako, etengabe eta egunero egiten dena”.
Ebaluazio prozesuko ondorioak ikusita, hauek dira hiru puntu azpimarragarrienak:
- Ondarroako udalak aspaldi hartu zuen euskara hutsean funtzionatzeko erabaki irmoa. Erabaki hori, urteen poderioz, errotu da eta sendotu da. Udalak, gainera, erabaki hori betetzeko gaitasun eta gogoa du. Erabaki horren ondorioz, gaur egun udalaren hizkuntza irizpide aurreratuak zeharo txertatuta daude udalaren funtzionamenduan. Erakundeak neurriak hartu ditu euskararen indarberritzean positiboki eragiteko, bere lan-jardun eta politika publikoen diseinuan, garapenean eta jarraipenean. Ondarroako udalak euskara zeharlerrotasunez lantzen du. Bere politika publiko guztietan txertatuta ditu hizkuntza estrategiak eta hizkuntza kudeaketa aurreratua du arlo guztietan. Horrez gain, udalak defektuz euskaraz funtzionatzen du, euskaraz komunikatzen du.
- Ondarroako udalaren ohiko lan eta zerbitzu hizkuntza euskara da, bai ahoz bai idatziz ere. Horren erakusle da sailetako bilerak, plenoak eta batzordeak ahoz zein idatziz (bilera-deiak, aktak, mezuak, txostenak…) eta izapide guztiak euskaraz abiatzen direla. Aipatzekoa da aniztasun batzordean aldi bereko itzulpena erabiltzen dela telegram bidez.
- Ondarroako udalak traktore lana egiten du euskararen erabilera sustatzeko duen estrategiaren komunikazioan. Alde batetik, udalaren ekimenez, Euskara Batzordea osatu du euskalgintzako eragileekin. Beste alde batetik, udalak bultzatzen ditu herritarren artean euskararen inguruko kanpainak (Euskaraldia, Korrika). Horren harira, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina egiten du urtero. Era berean, hezkuntza komunitatearekin batera, euskara erdigunean jarrita kulturen arteko komunikazio proiektua ipini du martxan. Hirugarrenik, udalak euskara hutsez egiten dio herritarrari kultura eskaintza, eskolaz kanpoko eskaintza osoa ere euskara hutsezkoa da, baita komunikazioa ere (udalbarriak izeneko webgunea euskara hutsez du, bandoak megafonia bidez pasatzen ditu euskara hutsez, …). Laugarrenik, terrazen ordenantzan euskarazko hizkuntza paisaia arautzen du; jaietako barraketan euskarazko musika jartzeko agindua du, etab. Horrek guztiak erakusten du udalak trakzio lana egiten duela eta euren euskararen aldeko estrategia herritarrei zein interes taldeei zabaltzeko konpromiso irmoa duela.




