Skip to main content

Martxan da Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Lehiaketa hori euskal idazleen haztegia izaten da. Lehiakideek nobela baten proiektua aurkeztu behar dute eta epaimahaiak aukeratzen du zein proiektu den onena, hortik abiatuta, liburu bat idazteko.

[PROIEKTU AURKEZTEKO, HEMEN]

Hauek dira lehiaketaren oinarriak:

  • BEKAREN HELBURUA

Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko xedea du Augustin Zubikarai sariak.

  • BEKAREN EZAUGARRIAK

Deialdi honetara, nobelak idazteko proiektuak aurkeztuko dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Egileei buruzko informazioa udalak gordeko du erabakia hartu arte. Egileak ez du bere nortasuna agerian utz dezakeen ezer idatziko ez laginean ez azalpenean, ez eta agiri horietako ezaugarrietan ere.

  • BEKA ESKABIDEA

Eskaera Ondarroako Udaletxean aurkeztuko da. Proiektua bidaliko da beharrezko datu eta dokumentazio osagarriarekin batera, bai udaletxera bertara bai bide telematikoak baliatuta. Internet bidez aurkeztu nahi izanez gero, Ondarroako Udalaren webgunetik (HEMEN). Beste bidea da udal erregistro orokorrean aurkeztea – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kanttoipe kalea, 3, behea 48700 Ondarroa). 

  • EPEAK

Proiektuak aurkezteko epea: 2025eko irailaren 30a arte bidali ahal dira.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2025eko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta nobela amaitua Ondarroako Udalaren esku ipintzeko.

  • BEKAREN ZENBATEKOA

Saria 8.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren  erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

  • EPAIMAHAIA

Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

– Epaimahaikideak: Udalak izendatutako aditu bi eta Elkar argitaletxeko editorea.

– Idazkaria: Udal euskara teknikaria.

  • EBAZPENA

Beka hau Ondarroako Alkateak adjudikatuko du, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren.

  • PROIEKTUA ENTREGATZEA

Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlana amaitua Ondarroako Udalari helarazteko izendapena jaso eta gero. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

  • LANAREN JABETZA

Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik.

  • NOBELA ARGITARATZEA

Nobela amaituta eta editorearen oniritzia duela kaleratuko da liburua hiru hilabeteko epean, eta bertan ZUBIKARAI SARIA eta Ondarroako Udala aipatuko dira nahitaez.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak, ohiko moduan, ordainduko dizkio egileari.

  • HARREMAN ETA INFORMAZIORAKO HELBIDEAK

ONDARROAKO UDALA-Euskara Arloa – mrey@ondarroa.eus  Musika plaza, z.g. – 48700 ONDARROA (Bizkaia)

[PROIEKTU AURKEZTEKO, HEMEN]

Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Interpretazioan zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

 

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

  • 2010: Joxean Agirre: Zwei Frauen (Bi emakume)
  • 2011: Itxaso Araque: Damutzen ez direnak
  • 2012: Garbiñe Ubeda: Hobe isilik
  • 2013: Garazi Kamio: Orube abandonatuak
  • 2014: Jasone Osoro: 12etan bermuta
  • 2015: Miren Gorrotxategi: 33 ezkil
  • 2016: Katixa Agirre: Amek ez dute
  • 2017: Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz
  • 2018: Eneko Barberena: Afrikanerrak
  • 2019: Idoia Garzes: Mendiko gaitza
  • 2020: Lander Garro: Faith
  • 2021: Mikel Alvarez Sarriegi: Euskalia
  • 2022: Patxi Zubizarreta: Loak ezkutatzen duena.
  • 2023: Karmele Mitxelena eta Goio Ramos.
  • 2024: Julen Apella.