173.000 euro pasatxoko aurrekontua izango dute lanek eta Zaldupe udal kiroldegiko hobekuntza lanen 1.faseko 2, 3 eta 4 atalei dagozkie. Lehen atala iaz egin zen, gimasioaren klimatizazioa. Uda honetan egingo diren lanek kiroldegiak daukan energia kontsumo handia murriztea dute helburu, batez er gas naturalaren eta elektrizitatearen kontsumoa. Horretarako ura aurreberotzeko aerotermia sistema txertatuko da gaur egungo instalazioan, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatuko da eta panel fotovoltaikoak ipiniko dira. Aurrerago proiektuaren 2. fasea burutuko da: igerilekuaren deshumektazioa, aldagelen aireztapena eta produktu kimikoak gordetzeko lekua. Lanak udan egingo dira eta abuztuan itxita egongo da Zaldupe udal kiroldegia.
Gas naturalean eta elektrizitatean 1.239.517 kWh kontsumitzen ditu urtero Zaldupe udal kiroldegiak; bestera esanda, 125.678,06 euroko gastua eta 335.780kg C02 isurtzen dira.
Aerotermia sistema txertatzea
UBSaren (Ur Bero Sanitarioaren) ekoizpenaren energia-eraginkortasuna hobetzeko, UBS aurreberotzeko sistema bat instalatzea aurreikusten da, aerotermia-sistema baten bidez. Sorkuntza-elementu gisa, bero-ponpa bat erabiliko da, estalkian kokatuko dena.
Ur bero sanitarioaren hoditeria
Gaur egun, ur bero sanitarioa (UBS) garraiatzen duten hodien egoera okerra da, eta horrek arazo eta matxura ugari eragiten ditu; ondorioz, instalazioan ematen den UBS zerbitzuaren kalitatea murrizten da. Horregatik, UBSren lehen mailako eta bigarren mailako zirkuituetako hodiak berritzea aurreikusten da, altzairu herdoilgaitzezko hodiak erabiliz eta, noski, legionellari buruz indarrean dauden araudi guztiak betez.
Era berean, bi bero-trukagailu paraleloan instalatuko dira (UBS ekoizteko), ekoizpenean errepikapena eta segurtasuna bermatzeko; horrela, mantentze-lanak egin ahal izango dira edozein matxura gertatuz gero ere, zerbitzua eten gabe.
Energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioa
80 plakaz osatutako 44 kWp-ko potentzia nominaleko instalazio fotovoltaikoa ipiniko da, beharrezkoa denean soberako energia sare elektrikora isurtzeko aukera duena.
Proiektu honen garapenarekin energia kontsumoa murrizteko eta kostu ekonomikoak murrizteko plangintzarekin jarraitzen du Ondarroako Udalak: biomasa galdara berriaren instalazioa Arrigorri Ostatuan, aerotermia sistema bidezko %70eko energia autoekoizpena Zaldupe udal futbol zelaian, brigadako ibilgailu elektrikoak, kiroldegiko gimnasioaren aireztapen sistema…




